argia.eus
INPRIMATU
Zentral termikoa itxi eta erraustegi bihurtu? Kataluniako Cerscen haserre daude
  • Kataluniako Berga eskualdean (Bergedà, katalanez) 2011n itxitako zentral termikoa zaharberritu eta hondakinentzako erraustegi bihurtzeko asmoa du EmSpain Waste&Treatment enpresak, lekuko agintari nazionalisten oniritziarekin. Gauetik goizera proiektua gainean dutela aurkitu diren herritarrak mobilizatzen hasi dira.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko urriaren 22a
Cersceko zentral termikoa, orain enpresario batek erraustegi bihurtu nahi duena. (Argazkia: EstefanĂ­a EscolĂ )

Urriaren 2an hartu zuten ezustekoa herritarrek Cercs herrian eta Berga hiriaren inguruko eskualdean: urte askotan ingurua kutsatu ondoren 2011n itxitako zentral termikoa orain erraustegi bihurtuta berpizteko asmo bat zegoela oso aurreratua.

Konpainiaren komunikazio zerbitzuaren prentsa oharra hitzez hitz kopiatu zuten hedabideetan ez zen ez erraustegi eta ez hondakinik aipatzen: "la primera planta de España que generará energía a partir de la combustión de materiales sobrantes de la industria", "generará energía a partir de la combustión de materiales sobrantes de la industria, siguiendo el ejemplo de otras plantas similares de Dinamarca, Holanda, Suecia o Alemania"... Eskerrak beste hedabide batzuek hizkera gardenagoz mintzatu ziren: "La tèrmica de Cercs cremarà residus industrials per produir energia elèctrica". Regio 7 egunkariak zehaztu zuen: " L'energia es generarà principalment a partir de la combustió de tres tipus de residus".

Errausketaren industriak isilpean egiten du lan: konpainiak albistea hedabideei filtratu eta aste bete beranduago, urriaren 9an, Damià Calvet Generalitateko Ingurumen sailburuak esan zuen horrelako proiektu baten inolako berririk ez zuela. Ez ote zion ezer aipatu Cercseko alkateak? Honek justu biharamonean, urriak 10, herritarrei dei egin zien gaiaz hitz egiteko udaletxean: Jesus Caldererrek (Democrates de Catalunya) azaldu zuen proiektu interesgarria zela, herrian 60 lanpostu sortuko zituela eta urte bete zeramala enpresarekin proiektua lantzen. Urte betez jendeari informazioa ezkutatu izana aurpegiratu zioten bertan bildutako 300 herritarretako gehienek.

Cercseko herritarrak alkatearen azalpenak entzuten udal aretoan. (Argazkia:  Rafel J. Serarols )

Directa hedabideak "Massiva oposició a una incineradora al Berguedà" kronikan eskaini ditu aferaren xehetasun nagusiak. EmSpain Waste&Treatment konpainiak urtean 332.000 tona hondakin industrial erre nahi ditu Cercsen 2023tik aurrera, tartean inbertituz 130 milioi euro ikatzez funtzionatzen zuen zentral termikoa zaharberritu eta erraustegi bihurtzeko. EmSpain Waste&Treatment 2006an sortu zuten baina orain artean batere negoziorik ez du egin. Lluís Basiana da konpainiako burua, lehengo Convergencia Democratica de Catalunyari lotua, hondakin industrialentzako hiru zabortegiren jabea eta –Directa-ren esanetan– Panama Papers famatuetan agertzen dena, Jordi Pujolen garaiko %3aren afera delakoan ere inplikatua.

Errausketaren Aurkako Cercseko Plataforma antolatu dute albistea zabaldu bezain fite eta, antza, erraustegiaren proiektuaren aurka azaldu dira ERC, CUP eta Els Comuns taldeak ere.