argia.eus
INPRIMATU
Zenbat jendek izan du COVID-19a Hego Euskal Herrian?
  • Madrilgo Carlos III Osasun Institutuak aste honetan argitaratu ditu SARS-CoV-2 birusarekin lotutako sero-epidemiologia ikerketaren laugarren errondako emaitzak. Hego Euskal Herria talde-immunitatea lortzetik oraindik urrun dagoela erakusten dute datuek.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 16a
Gizon bat COVID-19aren testa egiten (argazkia: EFE).

Azaroaren bigarren erdian hartutako datuekin egindako ikerketaren arabera, Nafarroa da Hego Euskal Herriko lurraldeen artean kutsatze-maila altuena izan duena, baita immunitate-tasa altuena daukana ere: %14,3. Carlos IIIren datuek erakusten dutenez, Nafarroaren ondoren Araba da portzentaje altuena daukana (%12), Bizkaia atzetik (%8,4) eta Gipuzkoa azkenik (%6,4).

Kopuru horiek oraindik urrun daude talde-immunitatea erraztuko lukeen portzentajetik, izan ere, uda honetan Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, populazioaren %43 inguruk eduki behar lituzke antigorputzak garatuta SARS-CoV-2aren kasuan talde-immunitatea lortzeko.

Portzentaje horiek lurralde bakoitzaren populazioarekin gurutzatuz gero, Hego Euskal Herriko 275.000 biztanlek baino gehiagok COVID-19aren aurkako antigorputzak garatu dituztela ondoriozta daiteke, betiere ikerketa honek emandako datuetan oinarrituta.

Xehetasun garrantzitsuak

Hala ere, ikerketak utzitako datuak xeheago begiratzea komeni da, izan ere, laugarren erronda honetan seroprebalentzia erakutsi duten pertsonen kopurua txikiagoa da. Alegia, azaroan egindako testetan, pertsona gutxiagori detektatu dizkiete antigorputzak test azkarren bidez. Zehazki, Nafarroan %10,8ri, Araban %9ri, Bizkaian %5,9ri eta Gipuzkoan %4,6ri.

Horrek ez du esan nahi immunitatea azken errondan test positiboa eman dutenek bakarrik daukatenik, ikerlarien arabera antigorputz maila baxuak detektatu gabe geratu daitezkeelako erabilitako tresnekin.

Ikerketak dauzkan beste muga batzuk ere azaldu dituzte Carlos IIIk argitara eman duen txostenean. Besteak beste, “instituzionalizatu gabeko” herritarrak bakarrik hartu dituztela kontuan eta horrek kanpo uzten dituela zaharren egoitzetan bizi diren pertsonak, baita beste instituzio batzuetan daudenak ere.