argia.eus
INPRIMATU
Zenbat Gara elkarteari eta Kanaldude telebistari emango dizkiete aurtengo Elkar sariak
  • Ibilbideari saria jasoko du Zenbat Gara-k, eta Proiektuari saria Kanaldude telebistak. Sari banaketa ekainaren 3an izango da, Bilboko Kafe Antzokian.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 14a
Kanaldude telebistaren 'Harri Salda' saioa. @ibarra_aritz

2016tik banatzen ditu Elkar fundazioak Ibilbideari eta Proiektuari sariak. Lehena urtero ematen du, hura jasotzen duen kolektiboak "urte luzez egindako lana nabarmentzeko". Bigarrena, berriz, bi urtetik behin ematen du, laguntza emateko "kultur egitasmo bat martxan jartzeko edota aurretik martxan den bati". Sari banaketa ekainaren 3an Bilboko Kafe Antzokian izango bada ere, jada ezagutarazi dituzte zein elkartek jasoko dituzten bi sariak: Zenbat Garak jasoko du Ibilbideari saria, eta Kanaldude telebistak Proiektuari.

1990eko hamarkadaren hasieran Gabriel Aresti euskaltegiaren inguruan sortutako elkartea da Zenbat Gara. Elkarteak bultzatu dituen ekimen garrantzitsuenak euskaltegia bera eta Bilboko Kafe Antzokia badira ere, bilbotarrak euskalduntzeko beste hainbat egitasmo ere eraman ditu aurrera: esaterako, Bilbo Hiria Irratia, Algara konpartsa, Erroa argitaletxea eta haur eta gazteentzako Kurkuluxetan edota Gazteola.

Joanmari Larrarte Elkar fundazioko lehendakariak adierazi du "joan den mende amaieratik hona egindako bideagatik" emango zaiola Ibilbideari saria elkarteari: "Euskalduntzeari Bilbon falta zitzaiona bilatzea izan zen Zenbat Gararen abiaburua; hau da, euskaraz eta modu naturalean harremantzeko guneak eta uneak sortzea". Azpimarratu du elkarteak eginiko lanarengatik ez balitz Bilbon euskararen eta euskal kulturaren egoera okerragoa litzatekeela.

Ipar Euskal Herri osoarentzako euskarazko edukia eskainiz

Kanaldude telebistari emango dio Elkar fundazioak Proiektuari saria. Kanaldude 1997an sortu zen Aldude ibarrean (Nafarroa Beherea). Ordutik ibilbide luzea egin duela nabarmendu du Larrartek, egun Ipar Euskal Herri osoko telebistetan baitago ikusgai, baita Internet bidez ere. Elkar fundazioko lehendakariak Kanaldudek "momentuko aukeretara eta beharretara egokitzeko" izan duen gaitasuna goraipatu du: "Egindako lanari esker, gaur egun erreferentziazko telebista da Ipar Euskal Herriko euskaldunentzat, eta ezaguna Euskal Herri osokoentzat".