Belazea gorri azaltzen zen, egun batetik bestera. Gorri-gorri, gorri bizi urrutitik ikusgarri. Gorbela zen, itsas-belarra edo alga. Nekazariak itsas bazterretik bildu eta lehortzeko belazean zabaltzen zuena. Gorbel arrea eta gorbel gorria izaten ziren eta gu bezalako umemokoentzat irudi miresgarria zen. Inork ez zekien zergatik eta zertarako hartzen zuten lan izugarri hori.
Geroago etorri ziren ijito gorbelzaleak. Dagoeneko ez ginen umeak ijitoak autoen gurdi-karroetan eta atzea ebaki eta kendutako landroverretan gorbel pilak, gainezka, batera eta bestera zeramatzatenean. Estraperloaren usaina hartzen genion, baina lasai ikusten genituen karretoan. Belaze berekirik ez eta zubi azpietan zabaltzen zuten gorbela. Autobidearen zubipe erraldoiak, toki lehorrak izanik, aproposak deshidrataziorako.
Batzuek eta besteek urte sasoi honetan bertan ematen zioten gorbelari belarrari ontzeko ematen zaion gobernu bera. Zabaldu, ondo zabaldu, eta, lehortu ahala, jiratu. Jiratu eta jiratu eta, jiratzearen poderioz ondo lehortzen zenean, bildu eta salmentara. Asturias aldera saltzen zen lehen gorbela; itxuraz, sendagaiak egiteko erabiltzen zuten eta kosmetikoak egiteko ere bai. Preziatua, ondo ordaintzen zen.
Urrutira gabeko Orioko Lusarbekoek Igeldoko Agitiko itsasarteko senadiko arrokatan biltzen zuten, garai batean, gorbela, eta etxe aurreko belardi zelaian zabaltzen. Itsasoak ikusgarrizko gorbel metak pilatzen zituen Agitiko horretan, baita Biozalbiko arrokatan ere.
Ondo ordaintzen zenez, ez zen etxerako hondarrik ere uzten; eguraldia etsai ondo lehortzeko aukerarik ez bazen izan, gorbela erdi ustelduta geratzen zen eta inork erosi nahi ez. Orduan ongarri bezala baliatzen zen. Gorbelek itsasoko mineralak, gatzak eta jakiak bildu eta kontzentratzeko gaitasuna dutenez, ongarri ederrak dira. Soroan zabaltzen ziren. Nik gogoan dut gorritutako belaze hartan, gorbelak lehortutako sail horretan, ondoren belarrak beste kolore bat zuela, ingurukoa baino beltzagoa, hobea. Lusarben oraindik gogoan dute sei-zortzi urtez gorbela lehortutako saila gorritu eta patata egin zuteneko urtea, sekula etxean ezagutu duten patatarik onena izan omen zen. Gorbelek aminoazidoak, oligoelementuak (batez ere burdina eta manganesoa), bitaminak, polifenolak, hormona naturalak, manitola eta abar dituzte, baita azkenaldian ingurune lehorretako nekazaritzan gero eta sona handiagoa hartzen ari den azido alginikoa ere. Horien denen eta gehiagoren ondorio dira lurraren egitura harrotu eta bertako bizia hobetzea eta pH-a igotzea, landareen zelulak indartzea, fotosintesia hobetzea, fruituen hazkundea adoretzea eta lehorteetan landareen erantzuna bizkortzea. Eta, oro har, landareak babesten dituzte. Aziendaren azpietarako ere ez dira txarrak: desinfektatzaileak dira, gaitzak eta bizkarroiak uxatzen baitituzte, eta gatz punttuak urrutiratu egiten ditu onddo eta bakterio kaltegarriak. Iodoak aziendaren apatxak babestu eta osatzen ditu. Simaur ederra izango da bai gorbel inaurkindun hori.
Gaur egun itsasbazter horietan gorbel arrastorik ere ez du erakusten mareak. Gorbela bukatzen ari da, edo beste paradero hobe baten bila utzi du lehengo etxea. Horrela, gaur belazeak eta autobiako zubipeak ez daude inoiz gorri. Eta sekulako patata haien istorioak zaharren asmakizuna dirudi.