Europako herrietan opariak ematen dituzte pertsonaiak bildu ditu mapa batean rappzula webguneak. Ohituren aniztasuna da nagusia. Euskal Herrian, Olentzero paratu dute.
Estatuak eta estaturik gabeko nazioetako batzuk islatu dituzte mapan.
Pertsonaietako asko Aita Noelen bertsioak dira, baina badira ere tokian tokiko kulturari lotutakoak. Aita Noel eta bertako ohituren nahasketaren ondorio sortutakoak ere ugariak dira.
Adibidez, Finlandian Jouluppukki dute, egun Noelen oso antzekoa, baina jatorriz paganismotik etorria. “Gabonetako ahuntza” esan nahi du izenak, eta ustez ahuntzen larruekin janzten ziren izpiritu “gaiztoei” egiten die erreferentzia.
Herrialde Katalanetan eta Okzitanian Tió de Nadal daukate. Kaka egiterakoan, opariak ematen dituen zuhaitz enborra.
Alemanian, Suitzan eta Austrian Christkindl, tradizio protestantearekin erlazionatutako aingeru itxurako umea.
Eta munduan, zein ohitura dauzkate gabonak ospatzeko?
Googlek munduko hainbat herrialdeen ohiturak jaso ditu Aita Noel Jarrai Ezazu jolas interaktiboaren bidez. Soilik herrialde batzuen datuak jasotzen dituen arren, ezberdintasuna da nagusi mapako txokoen artean. Kirgizistanen, kasu, su artifizialak pizten dituzte, urte zahar egunean. Ghanan, mozorratu egiten dira.