argia.eus
INPRIMATU
Shiro no Kajitsu
Zein ote da autorearen intentzioa?
Eneko Atxa Landa 2025eko irailaren 26a

Shiro no Kajitsu (Lore zuriak eta fruituak) izan da Zinemaldiaren zazpigarren egunean ikusi dudan lehengo filma. Yukari Sakamoto zuzendari japoniarrak eginiko lana izan da, hango gizartean kokatuta, neska gazteentzako eskola kristau bateko istorioa kontatzen duena. Anna (Miro) iritsi berri da eskolara, isilik, lotsatuta eta gurasoekin haserre, berari galdetu gabe aldatu baitute ikastetxez. Lehen aldiz eskola bisitatzen duenean Anna neska berezia dela ikusiko dugu, bat-batean ezerezari hitz egiten hasiko da, eta, ondoren, Rika ikaskideari (Aoto Nico) esango dio haserre itxurako mamu bat duela atzean.

Rika neska perfektua da guztien begietan: nota bikainak ateratzen ditu, dantzari aparta da eta ederra, gainera. Denak harrituta geratuko dira, ostera, Rikak, inork espero gabe, bere buruaz beste egiten duenean. Annak haren egunkaria aurkituko du, eta, gainera, haren izpirituarekin komunikatzeko gai izango da, eta barruan sartuko zaio. Hortik abiatzen da istorioa, alde batetik pertsona guztiak Rikaren heriotza argitu nahian arituko dira, eta, aldi berean, beren erruduntasunari aurre egiten saiatuko.

Horiek horrela, filmak ohiko gai batzuen inguruan hitz egingo du: presio soziala eta kanpokoen pertzepzioa, argitu ezin duten dilema honen erruduntasuna eta erantzule bat bilatzeko nahia. Lanak, nire ustez, hari gehiegi landu ditu, eta ez du batean ere sakondu. Hori, ordea, nahita izan delakoan nago, pelikularen amaieran, (kontuz, spoilerrak) Annak jende guztiari galdetzen baitio zergatik ari diren Rikaren heriotzaren arrazoia bilatu nahian. Leporatzen die norbera erosoago sentitzeko ari direla horrela, pixka bat ikusleok aritu garen moduan. Esango nuke misteriozko pelikula bat bezala interpretatu dugula momentu askotan lana ikusleok: misterioa argitu nahi bagenu bezala, benetan garrantzitsua pertsona batek bere buruaz beste egin duela bazen ere.

Ez zait, hala ere, film izugarri ona iruditu. Amaierako ondorio hau izan ezik, eta momentu eder batzuk ikusi baditugu ere, orokorrean, beste gaiak ez direla trebe landu sentitu dut. Batzuetan, autorearen ikuspegia eta intentzioa zein den jakitea ez da erraza: agian, azken ondorio honi eman nahi zion indarra.