Zein filmetan oinarritu da Durangoko Azokako kartela?

  • Jose Antonio Sistiaga margolaria izan da 52. edizioko kartelaren egilea eta “Sormenaren lurraldea DA!” leloa aukeratu dute datorren ediziorako. Abenduaren 6tik 10era egingo da Durangoko azoka.


2017ko urriaren 18an - 12:20
Nerea Mujika eta Jose Antonio Sistiaga kartelaren aurkezpenean.

Edizio honetako kartelaren egilea Jose Antonio Sistiaga margolaria da. Impresiones en la alta atmosfera pelikula esperimentalaren filmina batean oinarritutakoa da. 1989. urtean egin zuen, filmina guztiak eskuz margotuz, kamera barik. Lanak zazpi minutuko iraupena du, 10.000 filminaz osatuta dago eta ikusleak "munduaren sorrerara bidaia" egiten du.

"Sormenaren lurraldea DA!" izango da aurtengo lelo orokorra, Azoka sormenari begira jarriko baita aurten. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen hitzetan, "gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza".

Ikasle Eguna

Bigarren egunean izango da Ikasleen Eguna, abenduak 7, eta goizean Euskal Herriko ikastetxeetako ikasleek hainbat tailer izango dituzte eskura. Irailean ireki zen izen ematea, eta jada leku guztiak bete dira.

Helduen tailerrak

Iaz lehenengo aldiz, Durangoko Azokak helduentzako tailerrak antolatu zituen Ikasle Egunaren baitan, batik bat berbalagun eta euskaltegietako ikasleei begira. Aurten bigarren aldiz helduentzako tailerrak antolatuko ditu Azokak. Izena emateko epea zabalik egongo da urriaren 31ra arte eta www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez egin beharko da.

52 egun falta dira 52. ediziorako. Antolatzaileek gonbidapena egin diete bisitariei Durangora gerturatzeko: "Bost egun eta 50 ordu dituzu errutinatik atera eta sormenaren lurraldea bizitzeko. Bidaiatu sormenaren lurraldera!".

 


Eguneraketa berriak daude