argia.eus
INPRIMATU
Gaur Orion aurkezpena: 2024ko Ilargia eta Landareak agenda
“Zazpi urteotan oharrak hartu dituenak sekulako informazioa du bere baratzeaz”
  • Bizitza modernoa estresagarria, polarizatua, politizatua, birtuala eta izugarria da. Irtenbidea landareak dira”. Joseph Tychonievich baratzezain eta idazlearen esaldi horrekin irekitzen da 2024ko Ilargia eta landareak agenda. Bada, irtenbidea landareak badira, horiek zaintzeko eta mimatzeko tresna ederra da Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak urtero osatzen dutena. Oraingoan, haien festara gonbidatu dituzte berriz hamabi animalia laguntzaile: sai zuria, zirauna, antzandobia, kiribilarra, sugea, muxarra, erbinudea, eskilasoa, oilagorra, txepetxa, satorra eta azkonarra. Eta, 2024ko honek badu beste berritasun bat ere: ‘ekoedizio’ zigilupean argitaratu da, lehenengoz. Irailaren 28an Orion aurkeztuko dute agenda Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga egileek, eta Unai eta Eñaut Agirre anaiek piztiei buruzko bertso zaharrak kantatuko dituzte. Errekondo elkarrizketatu dugu.

Garazi Zabaleta 2023ko irailaren 28a
Argazkia: Dani Blanco.

Oraindik despistaturen bat balego, azaldu iezaiezu zer den agenda hau…

Agenda arrunt bat da, oharrak hartzeko egina dagoena, baina, aldi berean, landareekin egiten ditugun lanak apuntatzeko ere prestatua dagoena.

Eta, zer apuntatzen du Jakoba Errekondok bertan?

Lanak noiz egiten diren: ongarriketa noiz, lur bat noiz prestatzen den, landareak zein egunetan landatzen diren, ea ilgoran den, edo ilbeheran, zein barietateko landareak diren –ongi funtzionatzen badute hurrengo urtean barietate horiekin errepikatzeko–, uztak noiz jaso ditugun… norberak nahi duen informazio guztia jaso dezake agendan.

Informazio eta baliabide ugari eskaintzen dituzue agendan. Zein atal ditu?

Tresna honen barruan lau atal ditugu: baratzea, fruta arbolak, lorategia eta basoa. Hilero, horietako bakoitzean zein lan egin behar diren azaldu dugu. Bestetik, hilero zein barazki fresko ditugun ere jaso dugu, sasoikoa eta bertakoa jaten ikasteko eta osasunezko elikadura edukitzeko. Ilargia nola dagoen ere astero jaso dugu, bere bi zikloekin: ilgora-ilbehera, eta ilzaharra-ilberria. Ilargiaren funtzionamendua, berriz, agendaren hasieran dago azaldua.

Zenbaterainokoa esanen zenuke dela ilargiaren eragin hori baratzean eta basoan, eta zertan eragiten du bereziki?

Tira, nik beti diot, ilargiak ez duela miraririk egiten, baina lagundu, laguntzen duela baratzean. Baina, noski, horretarako, aurretik beste lan guztiak ongi eginak eduki behar dira. Ongarritzen ez baduzu, lurra ongi ezagutzen ez baduzu, landatzeko eta ongarritzeko sasoiak errespetatzen ez badituzu… alferrik eskatuko diozu ilargiari deus. Baina, eragina, noski baduela. Arbolak egurretarako noiz bota, fruta noiz jaso, noiz landatu, noiz ongarritu, noiz txertatu… guztian du eragina!

Urtero-urtero agendan oharrak hartu dituenak entziklopedia ederra izanen du honezkero…

Pentsa! Ilargiaren agenda argitaratzen dugun zazpigarren urtea da. Bada, aurretik aipatutako informazio hori guztia jasotzen aritu den baratzezain horrek izugarrizko informazioa dauka bere lurrari eta baratzeari buruz. Azkenean, guk esan dezakegu perrexila maiatzetik irailera egin daitekeela, baina agian beste nonbait apirilean ere ongi etortzen da. Apuntatuz ikastea da agendaren proposamena, norkbere baratzea gehiago ezagutzeko tresna da hau.