Zazpi urte eta erdi arteko espetxe zigorrak eskatu ditu akusazioak Iruña-Veleia auzian

  • Iruña-Veleia auziak aurrera darrai. Arabako Foru Aldundiak eta fiskaltzak akusazio idatziak aurkeztu dituzte Eliseo Gil, Oscar Escribano eta Ruben Manuel Cerdanen aurka, ondarearen aurkako kalteak eta iruzurra egotzita, Berriak jaso duenez.

Iruña-Veleian aurkitutako piezetako bat

2018ko maiatzaren 10an - 09:55

Epaiketaren eguna ez da zehaztu oraindik, baina idatzizko akusazioak mahai gainean daude jada. Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari izandakoaren kontrako akusazioa da handiena, iruzurra eta ondarearen aurkako kalteak egozten baitizkiote: zazpi urte eta erdiko zigorra eskatu du Aldundiak, eta bost urte eta erdikoa fiskaltzak. Horrekin batera, ia 300.000 euroko isuna ere galdegin du akusazioak.

Eliseo Gil eta Oscar Escribano arkitektoak lirateke Arabako aztarnategiak faltsutu zituztenak akusazioaren arabera. Ruben Manuel Cerdan fisikari nuklearrari, aldiz, pieza horien egiazkotasunaz idatzi zuen txostenean iruzurra egitea egozten diote.

Alabaina, Aldundiaren eta fiskaltzaren eskariak ez dira berdinak hiru akusatuentzat: hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Escribanoren aurka Aldundiak, ondarearen aurkako delitua egotzita. Fiskaltzak, iruzurra ere leporatzen dio, eta bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu ditu. Cerdani iruzurra egotzi diote Aldundiak zein fiskaltzak. Lehenengoak hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du haren aurka, eta bigarrenak, bi urte eta erdikoa.

Auzipetuen aurkako isunak ere eskatu dituzte akusazioek. Gil eta Escribanori 286.600 euroko kalte-ordaina eskatu dio Aldundiak, eta Gil eta Cerdani 12.580,20 eurokoa. Fiskaltzak 285.600 euro eskatu dizkie Gil eta Escribanori. Horrez gain, hiru akusatuen artean Arabako Foru Aldundiari 12.490,20 euro ordaintzea eskatu du fiskaltzak, Aldundia aztartategiaren jabea denez.

Kasu guztietan, Lurmen SL enpresa egiten dute erantzule zibil eta subsidiario, eta espetxe zigorrez eta isunez gain, inhabilitazioa eta auzibidearen kostuen ordainketa eskatu dute auzipetuentzat.

Ahozko epaiketarako, 21 lagun lekuko gisa deitzeko eskatu du fiskaltzak, baita aditu eta dokumentu bidezko frogak aurkezteko ere. Aldundiak hogeitik gora peritu eta 30etik gora lekuko proposatu ditu.

Iruña-Veleia auzia

2006ko ekainaren 8an Eliseo Gil arkeologoaren taldeak, “Iruña-Veleian” aurkitutako 400 pieza inguru aurkeztu zituen. Pieza horiek Kristo ondorengo III. mendekoak zirela esan zuten. Euskarazko idazki sorta bat eta kristautasunaren zabalpenaren inguruko teoriak alda zitzaketen marrazkiak ziren. Ordura arte Euskal Herrian egindako aurkikuntza arkeologikorik handienetakoa zen.

Berehala hasi ziren iruzurraren inguruko ahotsak ugaritzen. Arabako Foru Aldundiak bigarren iritzi bat eskatu zien hainbat ikerlariri. 2008ko azaroaren 19an inskripzioak faltsuak zirela ebatzi zuen batzordeak. Bide judiziala abiatzea erabaki zuen orduan Aldundiak. Gilen taldeak beti ukatu izan du iruzur akusazioa eta aurkikuntzaren egiazkotasuna frogatzeko hainbat ikerketa kaleratu dituzte. 2009. urtean hasi zuen “Iruña-Veleia” auziak epaitegietarako bidea.


Eguneraketa berriak daude