argia.eus
INPRIMATU
Zaurgarritasun egoeran dauden 30 pertsonak etxebizitza bloke bat okupatu dute Gasteizen
  • Hamar egun dira blokean bizitzen ari zirenetik, eta iragan ostiralean egin zuen publiko okupazioa Etxebizitza Sindikatuak. Jabeek blokea legez kanpo husten saiatu zirela salatu du Sindikatuak.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 06a

Okupatutako etxebizitza blokean bizitzen dauden ia 30 pertsonen artean, “adineko pertsonak, umeak, egoera irregularrean dauden atzerritarrak edota biolentzia matxista jasan duten emakumeak” daudela adierazi zuen Etxebizitza Sindikatuak ostiralean, prentsaurrekoan. Azaldu zuten etxebizitzek hamar urte baino gehiago daramatela hutsik.

Etxebizitzaren arazoa sistema kapitalistaren ondorioa dela eta irtenbidea “proletargoaren antolaketa independentea” dela aldarrikatu zuen Sindikatuak. Adierazi du bere “baliabide guztiak” jarriko dituela etxebizitza blokea “antolatu eta babesteko”, eta prest dagoela jabeekin zein udalarekin elkarrizketak abiatzeko.

Kanporatze saiakera

Okupazioa publiko egin eta ordu gutxira, jabeak blokea husten saiatu ziren. Sindikatuak salatu du saiakera legez kanpokoa izan zela, eta gehiegikeria ugari egin zituztela: “Eskopeta erabiltzearen mehatxuak, ondoko jabetza batetik butroi bat egiteko saiakera, sarrailagile baten laguntzaz atariko atea bortxatu eta etxebizitzetara sartzeko mehatxuak, kanpotik barruan zeuden pertsonak ixteko intentzioa…”. Ertzaintzak gertaera horiek “baimendu” zituen, sindikatuaren esanetan, baina hala ere jabeek ezin izan zuten barruan zegoen jendea kanporatu.