Zatiketa Arabako Podemosen, aurrekontuak direla eta

  • Zortzi batzarkideetako bostek zuzendaritzatik "inposatu" dieten erabakia onartzen ez dutela esan dute. Alderditik kanporatuak izan daitezkeela adierazi du Lander Martinezek, Podemosen Koordinazio idazkariak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko abenduaren 14an - 09:01
Arabako Podemoseko batzarkidean Batzar Nagusietan. (Argazkia: Arabako Alea)

Asteburuan EH Bilduk EAJk eta PSEk aurkeztutako Arabako 2017ko aurrekontuak onartuko zituela iragarri zuen. Podemosek, berriz, abstenitu egingo dela adierazi zuen. Izan ere, atzo Arabako Podemoseko zortzi batzarkideetako bostek zuzendaritzatik "inposatu" dieten erabakia onartzen ez dutela iragarri zuten Aldabe gizarte etxean egindako agerraldian. Zuri bozkatu beharrean, Arabako Zirkuluei hitza ematea eskatu dute.

Zehazki, Koldo Martin, Javier Bizarro, Juanjo Celorio eta Dani Trujillano dira zuzendaritzaren erabakiarekin kritiko agertu diren batzarkideak. Hauen ustez, datorren urterako proposatutako aurrekontuak "iazkoen ildotik doaz; ez diote langabeziari, pobreziari eta berdintasun faltari aurre egiten". Era berean, eztabaida prozesuan parte hartu ez dutela salatu dute, ezta ondoren hartutako erabakian ere. "Euskadiko Koordinazio Batzordeak abstentzioa inposatu digu, eta kontra gaude", nabarmendu dute.

Egoera honen aurrean, Arabako Batzar Nagusietan Podemoseko bozeramaile Arantza Abeciak alderdia zatitu nahi izatea leporatu die kritiko agertu diren batzarkideei. "Aurrekontuak aitzakia perfektua izan dira zatiketa agerian uzteko eta biktimarena egiteko".

Podemosen Koordinazio idazkari Lander Martinezek lau batzarkide hauek kanporatuak izan daitezkeela adierazi du, bere hitzetan, "kasua oso larria baita", gaur goizean eskaini duen agerraldian.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arabako politika
25 biztanleko Ribaguda herriko alkate ohia zigortu dute 145.183 euro bereganatzeagatik

Arabako Ribagudako alkate ohiaren aurkako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak: lau urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra.


Gobernaezintasunak Aldundietan: aurrekontuak luzatu behar, gehiengo faltagatik

EAJk eta PSE-EEk, gehiengorik ez duten Arabako eta Gipuzkoako Aldundietan, ez dute lortu aurrekontu proiektu berriak onartzea.


2023-06-20 | Hala Bedi
Trebiñuren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Gure Eskuk

Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.


Eguneraketa berriak daude