argia.eus
INPRIMATU
Zartako eta Radiocrimen taldeek baxu jotzailea kanporatu dute indarkeria matxista leporatuta
Jon Fernández González 2025eko uztailaren 11
Zartako taldea kontzertu batean. Zartako

Sare sozialetan zabaldu diren salaketak direla medio Zartako eta Radiocrimen bizkaitar punk taldeek baxu jotzailea kanporatu dute. Bikotekide ohiei tratu txarrak ematen zizkiela salatu dute, eta horren aurrean talde biek komunikatu bana atera dute taldekidea kanporatuko dutela adierazteko. 

Zartako taldeak bere komunikatuan taldekidea "berehala kanporatzeko" erabakia hartu dutela iragarri du. Taldearen hitzetan, borroka feministaren parte dira eta ez dute onartuko haien espazioetan indarkeriarik egotea. "Ezin dugu beste alde batera begiratu, gure konpromisoa ez da bakarrik musikarekin, espazio seguruak sortu nahi ditugu eta koherenteak izan nahi dugu gure letretan esaten dugunarekin eta eguneroko bizitzarekin".

Modu berean Radiocrimenek ez du onartuko "borrokatzen dituzten biolentziak egotea". Taldeak azpimarratu du koherenteak izan behar direla eta, Zartako taldeak egin duen moduan, elkartasuna eta laguntza eskaini dizkie biolentzia pairatu duen pertsonei.