Benidormen (Herrialde Katalanak) zuen etxean aurkitu du Espainiako Poliziak 68 urteko emakumearen gorpua. Baieztatu dute jaiotzez Soraluzekoa zela, eta Zarautzen bizi izandakoa. 73 urteko senarra trafiko istripuan hil dela esatera joan zaizkionean topatu dute poliziek. Hilketa ikertzen ari dira, indarkeria matxista kasu bat izan daitekeelakoan.
Gorpuak indarkeria zantzuak zituen, eta biktimaren 73 urteko senarra da susmagarri nagusia. Zantzuen arabera, bere buruaz beste egin du, autoa garabi baten kontra jota. Bikoteak hainbat urte zeramatzan Benidormen bizitzen.
Hasieran, emakumea zarauztarra zela zabaldu dute hainbat hedabidek, baina emakumea ez da Zarauzkoa, han sei urtez bizi izandakoa baizik, eta baieztatu dute Soraluzekoa zela jatorriz, Berriak jakinarazi duenez, Plaentxi.eus herri hedabidea aipatuta.
Aurtengo hirugarren feminizidioa litzateke Euskal Herrian.