“Nik ere buelta” kanpaina abiatu du Zarauzko Azken Portuko jai batzordeak, Udalak jai gunea Astazubi Plazara lekualdatzeko aukera azter dezan. Aurreko urtean Salberdingo aparkalekura –kanpoaldera– eraman zuten txosna gunea, norbanako batzuek Juan Luis Illarramendi (EH Bildu) alkate ohiari jarririko salaketa medio. Azaldu dutenez, Udalak ez du gaiaz hitz egiteko borondaterik.
Azken Portuko jai batzordeak Astazubi Plazara itzuli nahi du: “Hori da auzoak herriarekin duen lotura naturala, bertako etxeak baino are zaharragoak diren festetan murgiltzeko gonbitea egiten zaie herritarrei”. Batzordea prest azaldu da Astazubi Plazako baldintza berriak eztabaidatu eta finkatzeko.
“Festa ilegalak baimentzea”, leporatu zioten norbanakoek aurreko alkateari. Arartekora ere jo zuten, erakundeak auzian esku har zezan. Jai gunea lekualdatzea zen salaketa erretiratzeko baldintza, baina auziak epaitegietan jarraitzen du. 2015az geroztik Xabier Txurruka (EAJ) da Zarauzko alkatea.
Zarauzko Udalari gaiaz hitz egin dezan eskatzeko sinadura-bilketa abiatu dute. Azaldu dutenez, bi modutara eman daiteke sostengua: change.org bidez edo asteburuan herriko hainbat gunetan jarriko duten postuetan.
Udalaren jarrera deitoratu dute jai batzordeko kideek. Haien esanetan, epaiketa-prozesuak irauten duen bitartean alkateak ez die jai gunea Salberdingo aparkalekutik kanpo muntatzen utziko. Gogorarazi diote hots kutsadurari buruzko legearen babesa duela jai gunea Astazubi Plazara lekualdatzeko.