Joan den ostiralean, Zararen denda erraldoia Donostian ireki zuten egunean, mugimendu feministako hainbat taldek eta Ernai gazte antolakundeak ekintza egin zuten saltoki aurrean, bultzatzen dituen ekonomia eredu esplotatzailea eta edertasun estereotipatua salatzeko.
Maniki eta jostunak irudikatuz, mezu kritikodun kartel ugari jarri zituzten ikusgai: “Nire hariek izerdia eta odola josten dute”, “Hiru galtza baten prezioan… armarioan geratuko badira ere”, “Ez kontraturik, ez gizarte segurantzarik”, “Emakumeen %6ak anorexia edo bulimia dugu”… eta pankarta nagusian, “Ongi etorri kapitalismo zikinera”.
Josebe Iturrioz Medeak taldeko aktibistak bozgorailutik salatu zuen Zarak Suitzan ordaintzen dituela zergak, 40 orduz lan egiteagatik 800 bat euro kobratzen dutela saltokiko langileek eta arropa hori egiten dutenek baldintza oso larrietan jarduten dutela. “Gainera, sortzen duten emakumeen edertasun eredu estereotipatua ez da erreala”, adierazi du Piztu.info-n (ikusi beheko bideoa). Iturriozen hitzetan, “saldu digute ekonomikoki oso gauza positiboa izango dela, eta gure ustez eredu honek ez dio mesederik egingo ez hemengo ekonomikoari, ez nazioartekoari. Eredu honek Amancio Ortegari baino ez dio mesede egiten”.
Ekintza bideoan jaso du Piztu.info-k:
Zararen eredu ekonomikoaz gehiago, Donostia low cost artikuluan.