“Pakistanen ume bat erostea oso merkea da eta behin hori eginda, nahi duzuna egin dezakezu harekin. Horregatik beti diot Zara, Mango, Ikea edo H&M bezalako enpresetan ez erosteko, ematen diezun diruarekin, haiek 5 esklabo gehiago erosten dituztelako”.
“Zapalduengandik etekina ateratzen duen sare honen konplize dira gobernu eta multinazionalak. Hau arazo politiko, sozial, ekonomiko eta militar handia da”. Ehsan Ullah Khan pakistandarraren hitzak dira, eldiario.es-ek jasoak.
Lan Behartuen Askapenerako Frontea sortzeagatik preso bukatu zuen Khanek eta Suedian erbesteratua bizi da egun. Han Global March mugimendua jarri du martxan, hezkuntza politiken bidez umeen esplotazioari aurre egiteko. Pakistango bost enpresa ixtea eta ehunka ume askatzea lortu du mugimenduak.
Inditex jomugan
“Zarak Asian ekoizten duenaren %100a umeen eskulana da”, esan du pakistandarrak. Inditex enpresaren aurkako bere borrokan, Pablo Isla multinazionalaren presidenteari galdera luzatu zion iaz: 2014an %5eko irabaziak izan arren, milaka ume Asiako fabrika azpikontratatuetan josten mantentzen dituztela-eta, ea zergatik ez dituen enpresak Espainiara eramaten, langabezia handia baitu Espainiak berak. “Espainiarrak lan egin nahi ez duten alfer batzuk direla erantzun zidan”.
Pakistan, Kanbodia edo Bangladesheko fabrika batean ari den haurrak batez beste 10 eta 16 ordu ematen ditu lanean egunero eta soldata ez da eguneko 2 euro baino altuagoa. Arropa, alfonbra, futbol edo material medikuaren alorretako industriak umeen eskulanean oinarritzen dira sarri, eta askotan ume hauek mafiei edo enpresei saltzen dizkiete gurasoek beraiek.