argia.eus
INPRIMATU
Zaporeak GKEko kideei eraso egin die faxista talde batek Lesboseko istiluetan
  • Greziako Lesbos irlan errefuxiatuei laguntza ematen dabilen GKEko kideek “eraso faxista” bat jasan dute, errefuxiatuei jana banatzeko erabiltzen dituzten ibilgailuen aurka. Aurreko astetik Lesboseko irlako herritarrak itsasotik heltzen diren migratzaileei oldartu zaizkie.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 02a
Zaporeak GKEko autoa \"eraso faxistaren\" ondoren.

Zaporeak erakundeko auto eta furgoneta “suntsituta” geratu direla adierazi dute GKEko kideek. Horrez gain, erasoa pairatutako momentuan auto barruan zihoazen pertsonen izua azpimarratu dute.

“Bueltatu Turkiara” garrasi egiten diete itsasotik Lesbosera heltzen diren migratzaileei. Irlara sartzen ahalegindu diren 5.500 migratzaileri sarbidea galarazi die Greziako poliziak, eta larunbatean muga gainditzen 10.000 pertsona ahalegindu zirela jakinarazi du. Datorren hilabetean Greziako lurraldera sartzen diren horiek asilo eskaerarik egin ezingo dutela adierazi du Stelios Petsas Greziako gobernuaren bozeramaleak.

Turkiako Gobernua Europa-Turkia hitzarmena betetzen ari ez dela salatu du Stelios Petsasek. Izan ere, Siriako errefuxiatuak Europara sartzea galarazteari utziko ziola jakinarazi zuen Turkiako Gobernuak, Siriako armadak Turkiako 33 soldadu hil ondoren.

Herritarren oldarraldiak

Lesboseko herritarrak migratzaileak irlan sartzearen aurka agertu dira, ekintzaile eta kazetarien aurka eraso eginez. Migratzaileentzako harrera etxea izandako eraikin bati su eman zioten, siriarrak irlara sartzeko ezezkoa adierazteko. Gatazkak izan dira irlan, poliziaren parte-hartzea deitzeraino, eta honek gas negar-eragilea bota zien migratzaileei.