Alperrak, tunanteak eta maleanteak
Konpainia: Gilkitxaro.
Antzezleak: Ane Zabala, Aitor García de Vicuña eta Galder Pérez.
Noiz: abenduaren 12an.
Non: Lesakako (Nafarroa) Arrano tabernan.
--------------------------------------
Intsektu eusozialak. Sei hanka eta exoeskeleto indartsu bat. Antenak eta bere pisua ehun aldiz altxatzeko indarra. Feromonen bidez komunikatu eta kolonia hierarkikoetan antolatzen dira. Ugaltzeko hegoak baino ez dituzten arrak eta erreginak. Inurriak, bai.
Zertarako definizioak, hankaz gora jartzeko ez bada? Inurriak bai, baina aurrez definitutakoaren guztiz kontrakoak. Antzezlan honetan ez dago inurritegirik, hiru kide baino ez baitira. Antenak okerrak dituzte eta nahiko ahulak edo baldarrak dira. Ez dira langileak, alferrak dira eta ez dira onak daukatena defendatzen, ez baitakite zer diren ere. Amona mantangorria izatearekin amesten dute eta hori da aldarrikatu nahi dutena. Normalaren etiketan sartzen ez diren identitateak aldarrikatu nahi ditu Gilkitxaro antzerki taldeak obra labur honekin. Ez da bereziki ezer gertatzen, inurri izateari utzi nahi dioten inurrien pentsaera eta bizipenak besterik.
Abiapuntua, ordea, ez da txorakeria. Garai bateko lege zahar bat da lanaren muina, hain zuzen, antzezlanari izenburua ematen diona. Garai hartan, alperrak, tunanteak eta maleanteak (gaizkileak) zigortuak ziren, kartzelara bidaltzen zituzten, gizartetik alboratu: gorrak, itsuak, autistak, mozkorrak, buruko gaitzak zituztenak, homosexualak, alferrak… Arriskutsuak izatearen argudioak pertsona horiek kaletik atera eta alboratzea bermatzen zien autoritateei. Egungo bizimoduak ere orduko zerbait baduela erakutsi nahi izan dute eta ideia horrekin puskatu. Eta guztia parodiatu, jakina.
Artearen merkantilizazioak edozein antzerki zirkuitotan sartzeko zailtasunak dakartzala adierazi dute taldekideek; hortaz, beste hainbat zirrikitutara eramateko modukoa egin dute pieza berria. Antzezlanak hogei minutu irauten ditu eta ez du behar tekniko handirik. Izan ere, entzuten diren soinu guztiak haiek sortzen dituzte eta nahita bilatu dute “zarata”: idazmakinan, walkie-talkietan, kanpaitxoetan… Dena eszenatokian sortzen da eta bi entxufe baino ez dituzte behar obra aurrera eramateko. Proiektore batekin eta itzalekin ere egiten dute jolas, eta elementu horiek nahikotxo janzten dute lana. Era berean, aktoreak aurrez-aurre edukitzeak haien izerdia sumatu, zimurrak ikusi eta listua ere jasotzeko aukera bermatzen du, esperientzia oraindik eta modu gordinagoan biziaraziz. Horrek publikoa parte aktibo bilakatzen du nahitaez eta puntu errealagoa ematen dio kontakizunari.
Asmoa eta ideia ederrak iruditu zaizkit. Ikusi eta gero berriro irakurri behar izan dut, ordea, sinopsia eta nondik norakoa, mezua eta lana hobeto baloratzen lagun ziezadan. Hala ere, azpimarratzekoa da antzerkiaren potentzialtasunean sinesten duen jendearen lan hau, esateko nahi bat eta nolakotasuna. Hara nire txalorik beroena.