argia.eus
INPRIMATU
La misteriosa mirada del flamenco
Zaintzaren eta biolentziaren artean
Eneko Atxa Landa 2025eko irailaren 27a

Diego Céspedesek idatzi eta zuzendutako luzemetraia da La misteriosa mirada del flamenco, jendez lepo zegoen Kursaaleko 2. aretoa oso-osorik hunkitu duena. 1980ko hamarkadan kokatzen da, Txileko basamortuan, eta hamaika urteko Lidia gaztea (Tamara Cortés) du protagonista nagusi. Lidia abandonatu egin zuten umetan, eta emakume transexualek osatutako familia maitekor batean hazi zen, bere ama berri Flamencoren (Matias Catalán) babespean. Gizonez beteriko meatzari herri batean bizi dira, berentzat herri oldarkorrean.

Izan ere, herrian zehar gaixotasun hilgarri bat zabaltzen ari da, eta herritarrek haiei egozten diete errua. Diotenez, begirada soil batekin transmititu dezakete La Peste deitzen dioten eritasuna, herriko gizonak maitemindu ostean, inork ikusten ez dituen leku batean. Noski, gaixotasun hori hiesa da, berez, eta, ondo dakigunez, ez da begirada bitartez transmititzen; herriko gizonak gauez joan ohi dira familiako emakumeekin sexu harremanak izatera, eta horietako batzuk kutsatu egiten dira. Trama gertakari larri batekin abiatu da, eta horrela hasiko da Lidiaren mendeku prozesua.

Pelikula gogorra bada ere, oso hunkigarria da nola ikusi dugun egoera Lidiaren begi gazteetan barrena. Ulertezina zaion biolentzia pairatu behar dute bere familiakoek, maitasun handiz hazten badute ere. Emakume horien arteko ahizpatasuna eta zaintza izan da gai nagusietako bat, egoera latzenei aurre egiten ikusiko baititugu, beti elkarrekin. Ingurune ezin kontrakoago horretan ere, gai dira bizitza ahal duten modu onenean bizitzeko.

Beste gai nagusia hiesaren eta transexualen gaineko ezjakintasun eta aurreiritziak dira, eta horrek sortzen duen biolentzia izugarria. Hasierako eszena batean, herriko gizonak begiak estaltzen ikusi ditugu, gaixotasun misteriotsua ez harrapatzeko. Eszena latza, izatez, herrikoen beldurra agerian utzi duena, ulerkor idatzia, nire ustetan, baina errudunak ondo seinalatuta betiere. Gainera, eszena oso eder eta hunkigarriak daude filmean, egoera bortitza pixka bat leuntzen lagundu dutenak. Ikustea merezi duen pelikula ederra da La misteriosa mirada del flamenco. Ikus ezazue aukera baduzue.