argia.eus
INPRIMATU
Zaintza sektorean greba eguna da gaur
  • LAB, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek greba deitu dute urtarrilaren 26rako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta goizean mobilizazioak egingo dituzte bertako hiriburuetan. ELAk Nafarroara zabaldu du lanuztea eta Iruñean egingo du mobilizazioa.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 26a

Sindikatu bakoitzak bere aldetik egin du deialdia baina mobilizazio hitzordu hauetan bat egingo dute: hiru hiriburuetan 10:30ean abiatuko dira sindikatuen zutabeak. Bilbon 11:30ean elkartuko dira zutabe guztiak Plaza Eliptikoan. Gasteizen 11:30ean Artium aurrean elkartuko dira zutabeak eta Donostian 11:30an Bulebarrean. Iruñean ELAk deitutako manifestazioa 11:30ean abiatuko da Antoniutitik.

Sindikatuek zaintza eredu asistentzialista eta pribatua salatu dute, diru publikoarekin negozio pribatua egiten dela emakume langileen baldintza txarren bizkar. Zaintza publifikatzeko eskatu dute.

ELAk Nafarroako egoeraren datuak eman ditu artikulu honetan. Bertan dio Nafarroako 70etik gora zentroetako gehienak (zahar-egoitzak eta eguneko zentroak) estatu-esparruko lan-hitzarmenaren pean daudela, eta zentro bakan batzuek soilik dituztela enpresa-esparruko hitzarmenak. "Estatuko hitzarmenak ezartzen duen lan-prekarietatearen ondorioz ez dira betetzen Nafarroako Gobernuak proposatutako ratioak: 7 minutu baino ez zaizkio ematen pertsona bakoitzari arretan, 88 minutu egun osoan. Hau da, egunean 22 ordu eta erdiz ezin zaie eskaini egoitzetako erabiltzaileei behar duten arreta. Horri lan-baldintza guztiz eskasak gehitu behar zaizkio: gerokultoreen soldata hilean ez da 1.000 euro gordinera iristen".

Pentsiodunei parte hartzeko deia

LAB sindikatuko Helduak eta Pentsiodunen arloko kide Xabier Isasa Garmendiak, Jose Felix Aguilera Iturbe-Ormaetxek eta Kolo Uriarte Ballarenak iritzi artikulua argitaratu dute. Bertan dei egiten diete pentsiodunei gaurko mobilizazioetan parte hartzera eta zaintza ereduaz zera dio: "Langileen eta erabiltzaileen salaketa etengabea da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren, Foru-Aldundien eta udal-erakundeen aldeko apustua irmoa ere kudeaketa pribatuko eta erregulazio egokirik gabeko gizarte-zerbitzuen eredu berria defendatzeko. Eredu horrek ez du zaintzen, baztertu egiten du".