argia.eus
INPRIMATU
Zaintza partekatuaren 2015eko legea berrikusiko du Eusko Legebiltzarrak
  • EH Bilduk zaintza partekatuaren 2015eko legea erreformatzeko proposamena egin du, indarkeria matxistagatik auzipetutako gurasoei seme-alaben zaintza partekatua ukatzeko asmoz. Legea berrikustea onartu da Legebiltzarrean: alde agertu dira Elkarrekin Podemos, EAJ eta PSE, abstenitu egin da PP, eta kontra bozkatu du VOXek.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 26a

Legebiltzarrak zaintza partekatuaren 2015eko legea berrikusiko du, EH Bilduk lege hori erreformatzeko proposamena egin ostean. Aurreko legegintzaldian bide hori hasi bazen ere, hauteskundeak deitzearekin batera tramitazioa bertan behera geratu zen, eta ostegunean eraman du berriz ere ekinbidea Legebiltzarrera koalizioak. Proposamena onartu egin da; berorren alde agertu dira Elkarrekin Podemos, EAJ eta PSE, abstenitu egin da PP, eta kontra bozkatu du VOXek.

EH Bilduren lege proposamenaren helburu nagusia da indarkeria matxistagatik auzipetutako gurasoei seme-alaben zaintza partekatua ukatzea. Gaur gaurkoz indarrean den legeak soilik “sententzia irmoa” duten gurasoei ukatzen die zaintza, edo epailearen arabera indarkeria “zantzu sendoak” dauden kasuetan.

Erakundeen adierazpenetan oinarrituta, EH Bilduk adierazi du egun indarrean den legeak hainbat adingabe babesik gabe uzten dituela, eta ondorioak larriak izatera iristen direla zenbait kasutan: “Ezin dugu inola ere onartu azkenaldian adingabeen aurrean jazotako emakumeen erailketa, adin txikikoen erailketa edo haurrei egin zaien jazarpen sexual edo psikologiko larriak bezalako kasurik berriz gertatzerik”. Mahai gaineratu duten datu baten arabera, hainbat azterketaren arabera indarkeria matxistagatik aldentzeko agindua jaso duten gizonen %97ari haurren bisita erregimena onartu die epaileak, eta zaintza partekatua ere bai hainbat kasutan.