argia.eus
INPRIMATU
Zaintza langileen eta menpekotasuna duten pertsonen egoera hobetuko du Nafarroako Gobernuak
  • Zaintza lanen egoera prekarioari aurre egiteko eta zaintza langileen kontratazio duina sustatzeko, sektore horretara diru laguntzak bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak. Irailetik aurrera hasiko dira menpekotasunen bat duten familiei laguntzak banatzen, BERRIAk jaso duenez.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 06a
Patxi Tuñón eta Ines Francés, osteguneko prentsaurrekoan (Arg: eldiario.es)

Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari Patxi Tuñónek eta Pertsonen Autonomia eta Garapeneko Nafarroako Agentziako zuzendari Ines Francések ostegunean aurkeztutako ikerketaren arabera, 10.300dik gora dira menpekotasunen bat dutenak Nafarroan, eta horien ia erdiak pertsona bat kontratatuta du zaintza lanetarako. Alabaina, zaintzako langileen %25,7 kontratu gabe jarduten dela jakinarazi dute Tuñónek eta Francések.

Orobat, kontratupean jarduten duten langileen egoera prekarioa nabarmena da. Batez beste, 800 euroko soldata jasotzen dute hilean 30 orduko kontratudunak.

Datu hauen aurrean, hiru eginahal finkatu ditu Nafarroako lauko gobernuak. “Sektorean enplegua sustatzea, kalitatezko zaintza profesionala eta kualifikatua eskaintzea, eta menpekotasuna dutenei etxean bizitzen segitzeko aukera bermatzea”, esan du Francések.

Helburu horiek lortzeko, diru laguntzak banatuko dituzte irailetik aurrera menpekotasunen bat dutenen familietara, zaintza langile kreditatuak kontrata ditzaten. Horrez gain, sektorea profesionalizatzeko xedez,  behin-behineko ziurtagiriak eta formakuntza saioak eskainiko dituzte kreditaturik gabeko langileentzat, baimenak lor ditzaten.