argia.eus
INPRIMATU
Zaintza lanen sektorean greba orokorra deitu du ELAk azaroaren 17an
  • Zaintza lan profesionalak publikoak, duinak, unibertsalak eta doakoak izan daitezela aldarrikatzea izango du xede Hego Euskal Herrian egingo den grebak.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 26a
(Argazkia: ELA)

ELA sindikatuak greba orokorrera deitu du zaintza lanen sektorea. Azaroaren 17ko mobilizazioan parte hartzeko deia egin die zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak zaintzeaz arduratzen diren Hego Euskal Herriko milaka langileei. Greba iragartzearekin batera, gogoan hartu nahi izan dituzte etxeko langileak ere: “Ez ditugu ahaztu nahi, halaber, etxeko milaka langile, grebarako eskubiderik eta oinarrizko lan-eskubiderik gabe, zainketa merkantilizatuen funtsezko zati bat baitira, kasu askotan esplotazio- eta abusu-baldintzetan”, azpimarratu dute.

Grebaren aldarrikapen nagusia izango da zaintza profesionalak publikoak, duinak, unibertsalak eta doakoak izan daitezela. Eskakizun horiek onartzeak eragingo luke egungo egoera iraultzea, gaur gaurkoz zaintza lanen gehiengoa pribatizatua eta merkantilizatua baitago, “onura ekonomikoak pertsonen zaintzen gainetik jartzen dituzten” enpresa pribatuen esku. “Hori guztia, gainera, diru publikoarekin. Nola ahalbidetzen du bizitzarekin negozioa egitea gizarte aurreratu batek?”, ñabartu du sindikatuak.

Zaintzak behar dituzten pertsonak behar bezala, duinki eta era integralean artatuak izan daitezen, zaintza sektoreko langileen baldintzak duinak bilakatzea “baldintza ezinbesteko” dela defendatu du ELAk. Eta zentzu horretan, ohartarazi du koronabirusak eragindako “une historiko larria” oharkabean igaro dadin ekidin beharra dagoela, ondoko arrazoiagatik: “Zaintza-sistemaren josturak lehertu egin dira, eta ondorioak emakumezko langileen gain geratu dira berriro. Emakumeak dira milaka pertsonaren bizitzari eusten diotenak, fisikoki, psikologikoki eta emozionalki esplotatuta daudelako. Egunez egun jokatzen ari dira bizitza, bitarteko gutxirekin, langile nahikorik gabe, lan-baldintza oso gogorretan. Ahotsa altxatu behar da horrelakorik berriro gerta ez dadin”.

Greba deialdia egiteaz gain, beste hainbat eragilek –egoiliarren senideek, pentsionistek, mugimendu feministak…– urriaren 31rako antolatutako mobilizazioak ere iragarri ditu sindikatuak. Mobilizazio horiek zaintza sektoreko langileak bakarrik ez daudenaren seinaletzat jo ditu sindikatuak.