Zahartzaro duina eta askea izatea eta bakardadeari aurre egitea dira, besteak beste, Etxekide kooperatibaren helburuak.
Prozesu luzea izan den arren, “ilusioz, energiaz eta oso gogotsu” daude Etxekide kooperatibako kideak. Zaintza komunitarioan oinarritutako bizitokiak sortu nahi dituzte Iruñeko Txantrea auzoan. Xede nagusiak dira zahartzaro duina eta askea izatea eta bakardadeari aurre egitea. Bertan, 55 eta 74 urte arteko 33 lagun biziko dira, eta espazioen %38 komunak eta komunitarioak izango dira. Espero dute 2027rako bizitzeko prest egotea. Proiektu-kide diren Itziar Agirrebeitia eta Idoia Narbaizak xehetasun gehiago eman dituzte.
Etxekideko kideen arabera, proiektuak arlo pribatuaren eta komunitarioaren arteko oreka ahalbidetu behar du. Horregatik, bizitokiak hogeita bost espazio pribatu eta zenbait espazio amankomun izanen ditu. Lehenaren asmoa da intimitatea babestea eta bigarrenarena, elkar zaintzea eta komunitatea sortzea. Sukaldea, jantokia, erabilera anitzeko aretoa eta beste izanen dira espazio komunak. Gaineratu dute taldea kohesionatuta eta lerrotuta egon behar dela. Horregatik, gobernantza soziokratikoan sinesten dute. Horrek esan nahi du modu horizontalean eta erabateko adostasunarekin hartuko dituztela erabakiak: “Proposatutako zerbait norbaitentzat marra gorria bada, gaia albo batera utzi, eta aurrerago beste proposamen bat egingo da”.
Proiektua aurrera eramateko ikastaro ugari egin dituzte, eta tartean auto-zaintza eta elkar zaintza lantzen ari dira: “Historikoki lan hori batez ere emakumeei esleitu zaie, eta guk erantzukizun propioa eta kolektiboa landu nahi ditugu”. Horretarako, lau geruzatan banatzen dute zaintza. Lehen geruzan, presentzia egonen litzateke; hau da, espazio komunak izatea: “Horrek ahalbidetuko du elkar ikustea eta bakardadea saihestea”. Bigarren mailak onarpen mailari edo sentitzen dutena taldean partekatzeko lekua izateari erreferentzia egiten dio. Hirugarrena, gauzak adostasun osoz erabakitzean datza.
Auto-zaintza eta elkar zaintza lantzen ari dira: “Historikoki lan hori batez ere emakumeei esleitu zaie, eta guk erantzukizun propioa eta kolektiboa landu nahi ditugu”
Azkenik, zainketa puntualak eta intentsiboak aipatu dituzte; adibidez, gaixorik dagoenarentzat kozinatzea edota medikuarenera laguntzea. Horretarako kooperatibistek hilero hamabost ordu eskainiko dizkiote komunitateari. Zainketa denboran luzatuz gero, Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak dituen zerbitzuen laguntza eskatuko dute. “Aipatutako azken geruza normalean jendeak zaintza gisa ulertzen duena da, baina zaintza askoz gauza gehiago dira”, esan dute. Horrekin batera, kanpoko zaintzaileak kontratu behar badira euskaraz dakitenei lehentasuna emanen diete. “Kooperatibistak Etxekiden bizi ahal izango dira nahi edo zendu arte. Bizi-amaierako prozesuetan laguntzeko eta arreta eskaintzeko programa bat dugu”, argitu dute. Uste dute garrantzitsua dela aurretiazko borondateen agiria idaztea.
Zahartzaro duina eta askea izan, eta bakardadeari aurre egin nahi diote, baina orain arteko ereduak soilik bi aukera eskaintzen dituela sentitzen dute: “Alde batetik, zaharren egoitza batera joan zaitezke, baina erabakiak hartzeko gaitasuna galtzen duzu. Bestetik, etxean egon zaitezke senide batekin edo kanpoko zaintzaile batekin, baina horrek bakardadea dakar gehienetan”. Uste dute zaintzeko eredu berriak sortu, eta autogestioaren bidez, autonomia erraztu eta mendekotasuna atzeratu daitezkeela.
75 urteko emakida
Elkarlaneko bizitokiak Txantreako Aita Adoain kaleko orube batean egonen dira. Orube hori 2023an, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamenduak deitutako konkurrentzia prozesu baten ondoren lortu dute. Horri esker, kooperatibak 75 urteko emakida-eskubidea izanen du. Urte horietan ezingo dute lursaila saldu, eta epea amaitzean Iruñeko Udalari itzuliko diote. Kooperatiba arduratuko da eraikina sortzeko eta mantentzeko gastuez.
Txantreako zenbait bizilagunek kezka adierazi dute, uste dutelako helburu pribatua dagoela proiektuaren atzean. Halere, Etxekideko kideek azaldu dute irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat direla: “Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak aukera ematen du adinekoentzako bizileku-alternatibak garatzeko. Dekretu horrek Nafarroako gizarte zerbitzu sistema arautzen du. Etxekidek horren ziurtagiria du eta araudi hori bete behar du”.