argia.eus
INPRIMATU
Leire Martinez, Equala berdintasun aholkularitza
“Zaila egiten zaio gizarteari onartzea albokoa izan daitekeela erasotzailea”
  • Erasoen aurrean jarduteko protokoloaren garrantziaz mintzatu da Equala berdintasun aholkularitza zerbitzuko Leire Martinez. Eraso baten aurrean zer egin, nora deitu eta nola babestu jakiteko balio du. Iruñeko Peñen Federazioarekin aritu dira elkarlanean aurten ere.

Bidane Beloki Ezker Euskalerria irratia @fm983irratia 2025eko uztailaren 04a

Udan, batez ere, jai giroan murgiltzen gara astero. Eta zorionez, gero eta seguruago. Jaietako puntu moreak, batetik, neurri eta protokoloak, bestetik, edota jasotako formakuntza eta kontzientziazio prozesuak. Guztiak ezinbestekoak. Eta zer esanik ez, ate joka ditugun sanfermin jaietan.

Equala genero berdintasuneko eta aniztasuneko aholkularitza-enpresa arduratu izan da azken urteotan Peñen Federazioarekin sentsibilizazio, formakuntza eta erasoen aurreko protokolo bat garatzeaz.

Leire Martinez Equala zerbitzuko teknikariak azaldu moduan, protokoloak balio du "jakiteko nora joan, nor deitu, nola babestu, nola mantendu anonimotasuna...". Askotan urduritasunean galtzen garela azaldu du eta horregatik ezinbestekoa dela protokoloa, "edozein unetan paperarengana jo dezakezulako".

Batzuetan, indarkeria egoerak identifikatzea zaila izan daiteke, batez ere, jai giroan. Baina Martinezek nabarmendu duenez, geroz eta kontzienteago gara. Hala ere, erasotzaileei planto egitea ere garrantzitsua dela ohartarazi du, ardura aldebikoa delako. "Datuek esaten dute askotan zure ingurukoa dela erasotzailea", ohartarazi du Martinezek. "Objektiboak izan behar gara eta salatu, argiak izan eta erasotzaileen jarrerak salatu behar dira", gaineratu du.

Martinezek gogorarazi du edonoren eskura dagoela informazioa eta jaiaz arduraz eta berdintasunean gozatzeko deia egin du.