Zaharren egoitzen negozioa salatzen duten iragarkiak jarri dituzte Gasteizko hainbat markesinatan. Iragarkiok "Gizarte Ondoezerako Foru Erakundea”-ren sinadura daramate.
Iragarkiek adinekoen egoitzen negozioa islatzen duten datuak biltzen dituzte. Iragarkien arabera, Arabako zaharren egoitzen plazen laurdena soilik dira publikoak, eta aldiz, egoitza pribatuetan dauden plazen %60 Arabako Diputazioak finantzatutakoak dira.
Hala Bediri jakinarazi diotenaren arabera, Araban 1030 plaza publiko daude guztira. Itunpeko plaza publikoak 294 dira eta Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoaren (ZLPE) bidez ordaindutako plaza pribatuak 1097 dira. Diputazioaren laguntza ekonomiko zuzenik jasotzen ez duten plaza pribatu sinpleak 887 dira.
Datu hauek herrialdean eredu pribatua gailentzen dela agerian uzten dutela seinalatu dute. Plaza pribatu hauen gehiengoa diru publikoz finantzatuta daude. Hurrengo hilabeteetan gainera, Gasteizen 258 plaza pribatu gehiago sortuko direla jakin dute.