Objektu arriskutsuak identifikatzea, komuna egokitzea eta errutina bat adostea dira, besteak beste, Lares Nafarroa elkarteak zaharren ongizatea eta autonomia sustatzeko proposatzen dituen zenbait aholku.
Nafarroan bizi diren pertsona zaharren ahalduntzea sustatzea, bizitza aberastea, zaintza pertsonalizatua ahalbidetzea eta zahartzaro duinaz gozatzeko komunitatea sortzea ditu helburu Lares Nafarroa elkarteak. Nafarroako adinekoen egoitzen eta arreta zerbitzuen elkartea da. Bide horretan, autonomia lantzea garrantzitsua dela uste du elkarteak. Horretako, etxean pertsona zahar bat zaintzeko eta etxea egokitzeko zenbait gomendio eman ditu: “Adineko pertsona batentzat etxea egokitzea ez da soilik oztopo fisikoak kentzea; bere bizi kalitatearekiko konpromiso osoa da. Segurtasuna dakar, bai, baina baita errespetua, entzumen aktiboa, laguntza emozionala eta ingurunea eta denbora ondo antolatzea ere”.
Lehenik, segurtasuna zaintzea proposatzen du arriskuak gutxitzeko eta erorikoak ekiditeko. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 65 urtetik gorako hiru pertsonatik bat urtean behin erortzen da, eta gehienetan etxean izaten da. Horregatik, elkarteak dio garrantzitsua dela identifikatzea zein objektu izan daitezkeen arriskutsuak; adibidez, ertz zorrotzak dituzten altzariak, alfonbra solteak, kable nahaspilatuak eta argiztapen onik ez izatea. Argiztapenaren konturako sentsorearekin pizten diren argiak baliagarriak izan daitezke.
Norberaren gaitasunei egokitutako etxeko-lanak egiteak ondorio positiboak ditu
Komuna egokitzea ere gomendatzen du, istripu gehienak bertan izaten direlako. Dutxa edo bainuontzian euskarri barra bat eta bainuontzian zein kanpoan alfonbra ez labaingarriak jartzea, bainuontzia koskarik gabeko dutxagatik aldatzea eta oreka arazoak badituzte eserleku bat jartzea izan daitezke seguruago sentitzeko neurrietako batzuk. “Komunera joateko edo garbitzeko laguntza behar izatea zahartzearen adierazle esanguratsua izaten da sarritan, eta kasu askotan, autoestimuaren kontrako kolpea eta depresiorako ate bat ere izan daiteke”, dio elkarteak.
Janaria prestatzeak ere autonomia mantentzen laguntzen die; horregatik, sukaldeko gauzak eta etxetresna elektrikoak erraz eskuratzeko eta erabiltzeko modukoak izan behar dira. Eskailerak dituzten etxeetan, gauzarik garrantzitsuenak beheko solairuan utzi daitezke eta eskaileretako bi aldeetan eskubandak jarri. Ateak beti irekita badaude, errazagoa izanen da eskorga batekin edo gurpil aulkiarekin ibiltzea.
Bigarrenik, autonomia eta ongizatea sustatzea proposatzen du elkarteak. Horretako, errutina bat mantentzeak eta norberaren gaitasunei egokitutako etxeko-lanak egiteak ondorio positiboak dituela dio. Horrekin batera, espazioak “atseginak” eta “pertsonalizatuak” sortu daitezke. Garrantzitsua da etxean egin beharrezko aldaketak adostea eta komunikatzea.
Hirugarrenik, zaintzaile nagusiak elikaduran, medikazioan eta kontrol medikuan arreta jartzea ongizaterako beharrezkoa da. Medikazioa behar bezala hartzen duela ziurtatzeko pilula-kaxak baliatu daitezke. Horrekin batera, zaintzailea zahartzaroaren inguruan formatzeak eta informatzeak zenbait gaixotasun identifikatzen lagundu dezake. Azkenik, autozaintza lantzea eta babes sareak ehuntzea zaintzailearen osasuna zaintzeko prebentzio tresnak izan daitezke.