argia.eus
INPRIMATU
'Zaharrean Berri' Bilboko Alde Zaharreko jai batzordea jaio da
  • Bilboko Alde Zaharreko Jai batzordea prozesu parte hartzaile baten bidez eratu da, 2018ko urria eta abendua bitartean. Irekia eta publikoa da, auzokide guztiak batu eta ordezkatzeko asmoarekin jaio dena. Alde Zaharreko jaiak ekainaren 1ean izango dira.

Uriola.eus @uriolaeus 2019ko otsailaren 22a

Bilboko Alde Zaharreko auzokideen identitatean eragin eta auzokideen sarea sendotzeko sortu dute jai batzordea. Izan ere, auzotarrek bertan egiten diren ekintzak kanpora begira dauden ekimenak direla antzeman dute. Hori dela eta, auzokideek auzokideentzat sortutako ekimenak falta direla uste dute, auzo izaera indartuko dutenak. Horregatik, Alde Zaharra izan dena eta gaur egun dena islatzeko jai batzordean lanean hasiko dira. 

Jai batzordearen helburuak hauek direla argitu dute: urtean ezagunak diren datak baliatuz, auzokideentzako ekimen sozio-kulturalak antolatzea: Euskararen eguna, Gabonak, inauteritxikiak…; Alde Zaharrean ekintza propioak proposatzea: Auzokojaiak, triatloi herrikoia, erakusketak, kalekozinema…; eta auzokide guztiak batu eta ordezkatuko dituen koordinazio sarea sortzea.

Horretarako, La Bolsa eraikinean lau bilera antolatu dituzte. Guztiak irekiak izango dira eta auzotarren partaidetza eskertuko dute. Bilera guztien datak ere ezagutzea eman dituzte: Martxoaren 13an, 21ean, Apirilaren 4an eta 25ean izango dira. Horrez gain, ekainaren lehenengo egunean 'Zaharrean Berri' eguna antolatuko dute. 

Bertan, egun batez, auzokideak bildu eta jai batzordeak hau antolatu nahi du: Merkatarien eta artisauen ate irekiak, auzokideen lehiaketa gastronomikoa, gaztetxoentzako ekintzak…

Artikulu hau Uriolak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.