Gasteizko Caser Residencial egoitzako zaintzailea zen ostegun arratsaldean hildakoa, ELAk jakinarazi duenez. Ofizialki, zahar etxeetan koronabirusagatik hiltzen den lehen langilea da. Enpresari eta Arabako Foru Aldundiari "arduraz jokatzeko" eskatu die sindikatuak.
Sindikatu batek aitortuta, eta beraz, ofizialki, egoitzetako lehen langilea hil du COVID-19ak ostegun arratsaldean. Langileak Gasteizko Caser zahar etxeko unitate soziosanitarioan egiten zuen lan, non egoiliar gehien-gehienak koronabirusak kutsaturik dauden.
ELAk arduraz jokatzeko eskatu die erakunde publikoei. Izan ere, zaintzaileak lan egiten zuen unitatean Osakidetzatik eta Aldunditik eratorritako egoiliarrak zeuden, zaintza-behar intentsiboak behar dituzten pertsonentzako baita. Gaur egun bertan dauden 21 adinekoetatik 20k koronabirusa dute, sindikatuak emandako datuen arabera.
Caser egoitzak 158 oherentzako gaitasuna dauka eta koronabirusaren krisia hasi zenetik 30 egoiliar hil dira jadanik bertan gaixotasunaren ondorioz. ELAk salatu du ez dutela prebentzio eta babes ekipo nahikorik.
Hain zuzen, ostiralean sindikatu nagusiek protesta deitu dute eguerdiako 12:00etan Gasteizko egoitzetako langile guztien artean, "elkartasuna adierazteko, bizi dugun egoera salatzeko eta langile guztien osasunerako, bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidea defendatzeko".