argia.eus
INPRIMATU
Bretainiako ZADeko okupatzaileak kanporatzen ari dira ehunka jendarme
  • Frantziako jendarmeria astelehen honetako 6:00ak aldera hasi da Bretainiako ZAD desalojatzen. 2.500 jendarme mobilizatu dituzte horretarako eta une honetan bertako lurrak okupatu zituzten herritarrak kanporatzen ari dira.

ARGIA @argia 2018ko apirilaren 09a
Bretainiako ZADeko herritar okupatzaileak kanporatzen ari dira gendarmeak. Bretainiako ZADeko herritar okupatzaileak kanporatzen ari dira gendarmeak.

Ehunka dira Notre Dame des Landes herrian gotortu diren herritarrak eta oztopo ugari jarri dizkiete polizia indarrei kanporatzea eragozteko, besteak beste auto zaharrekin eta suzko barrikadekin.

Frantziako barne ministro Gerard Colombek jakinarazi du operazio honekin zuzenbide estaturik ez dagoen eremuari amaiera jarriko zaiola. Inor ez dela etxebizitzarik gabe geratu eta bertan bizi direnei etxebizitzak eskainiko zaizkiela zehaztu du.

Okupatzaileek laguntza eskatu dute material eta tresneria garrantzitsua gunetik atera ahal izateko.

10:30ak aldera zadistek prentsaurrekoa eskaini dute eta beren haserrea eta sumina adierazi dute komunikabideen aurrean. Elkartasunean lanean jarraituko dutela eta suntsitutakoa berreraikiko dutela berretsi dute.

 

Argazkia: 20 minutes Nantes

 

 

 

 

Ondoko bideoan ikusten da okupatzaileek eraikinetako baten gainean eta jendarmeak bertatik jaitsiarazten.