argia.eus
INPRIMATU
Zaborra bereizten ez duten bizilagunek isuna jaso dezakete Madrilen
  • Isuna ez luke jasoko zaborra behar bezala bereizita botatzen ez duen bizilagunak, baizik eta hura bizi den eraikineko jabeen komunitateak. Legeak arau-hauste arin gisa hartuko du, eta 750 euro arteko isuna ekarriko luke. Hala ebatzi du Auzitegi Gorenak, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epai bat atzera bota ostean.

Jon Torner Zabala @jtorner 2012ko abenduaren 10a
Jabeen komunitateak jasoko luke isuna, "erruduna" bizilagun bakar batzuk izanik ere.

Udal-ordenantzaren 78.3 artikuluak dioenez, “betebehar kolektiboen kasuan –normalizatutako ontzien, erabilera, mantenu eta garbiketa, adibidez–, ardura jabeen komunitateek izango dute. Edo, hura osatu gabe baldin badago, eraikineko bizilagunek. Ondorioz, komunitateek –edo haien ordezkariek–  jasoko dute salaketa”. Auzitegi Gorenaren hitzetan, pasarte horrek “ez du erruduntasun printzipioa urratzen”.

Era berean, Auzitegiak ontzat eman du 76. artikuluak kontenedoreen kontrolari buruz dioena: Udal teknikariek zaborrontzietako edukia miatu ahal izango dute, baita poltsa barrukoa ere. Madrilgo Justizia Auzitegiak helegitea jarri zuen agindu horren aurka, batetik, ez duelako behar bezala zehazten zein edukiontzi miatu daitekeen eta zein ez; eta, bestetik, herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituelako. Poltsetan objektu pribatuak egon daitezke eta horiek bistaratzeak ohore, intimitate eta irudi eskubideak mehatxatuko lituzke.

Albistea Público egunkarian irakurri dugu guk, eta badirudi irakurleek ez dutela  Madrilgo Udalaren erabakia begi onez hartu. Inkestako datuen arabera, %74a komunitateen aurkako isunen aurka dago, eta %23 alde. Intimitate eskubideaz mintzo dira batzuk, Udalaren helburu bakarra dirua lortzea dela diote besteek –birziklatzea sustatzea baino–, jendea kontzientziatu aldera neurri ona izan daitekeela uste dute beste batzuek…