Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du atzean Gasteizko islamiar komunitateak.
Meskita inguruetan, jabe magrebtarrak dituzten denda inguruetan… agertu dira mezu xenofoboak, Adurtza, Judimendi, Arana, Zaramaga eta Mendizorrotza auzoetan. Ertzaintzak ikerketa abiatu duela baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Hain justu, Gasteiz Antirrazistak deituta elkarretaratzea egin zuten joan den asteburuan, halakoak ez direla “kasu isolatuak” salatzeko, “egiturazko indarkeria” baizik. “Instituzioen erantzun eza, Poliziaren permisibitatea eta tratamendu mediatiko konplizea” kritikatu eta arrazakeriaren aurrean antolatzeko deia egin zuten.
Torre Pachecoko eztandarekin lotu dute afera Gasteizko islamiar komunitateko hainbat kidek ElDiario-n: “Hau geratu beharra dago, elkarbizitzarengatik. Ezerk ez ditu ekintza hauek justifikatzen; etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia dago atzean”.
"Hau geratu beharra dago, elkarbizitzarengatik. Ezerk ez ditu ekintza hauek justifikatzen"
Maider Etxeberria Gasteizko alkateak “gure hirian zabaldutako kanpaina ultra berria kondenatu eta arbuiatu” du, sare sozialetan. “Gasteizen soberan daude elkarbizitza lehertu nahi duten diskurtsoak. Zero tolerantzia arrazakeriarekin”.
“Beldurraren diskurtsoak kalera egin du salto”
Han-hemenka hedatzen ari diren diskurtso, eraso eta ekintzen artean, Irungo herritar patruilen arriskuaz ohartarazi du berriki Irungo Harrera Sareak: “Segurtasuna bermatu beharrean patruila horiek beldurra sortzen dute, herritarrak haien arrazarengatik jarraitzen dituztelako kaleetan”.
“Sare sozialetan zabaltzen eta elikatzen den eskuin muturraren beldurraren diskurtsoak kalera salto” egin duela eta Irungo udal gobernuak patruila herritar hauen aurrean ez ezer egitea “kezkagarria” dela adierazi du Harrera Sareak.