argia.eus
INPRIMATU
Zaballako espetxean hildako preso gaztearen gorpua jaso du familiak
  • Maleken gorpua Zaballako espetxean agertu eta hamabi egun geroago, familiak bere gorpua jaso du Aljerian. Traba burokratikoek markatutako prozesua izan da, senideek adierazi dutenaren arabera.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 13a
Espetxeko heriotzak salatzeko Salhaketak egindako kontzentrazioa. Argazkia: Naiz.

Otsailaren 28an hil zen 22 urteko presoa Arabako Zaballa espetxean. Hamabi egun geroago, astelehenean, Maleken familiak bere gorpua jaso du Aljerian.

Joan den ostegunean, Zuriñe Rodríguezek, gaztearen lagunak, adierazi zuen gorpua Aljeriako bidean zegoela. Handik bi egunera, ordea, gorpua hegazkinean ez zegoela jakinarazi zuen. Azkenik, gorputza igandean iritsi zen. Baina familiak ez du astelehenera arte ikusteko aukerarik izan.

Maleken familiak prozesu judizialean agertzeko asmoa du, gertatutakoa ikertzeko eta espetxe-administrazioak, kasu honetan Lakuako Justizia Sailak, behar bezalako arretaz jokatu duen aztertzeko. Joan den astean administrazioaren jarrera gaitzetsi zuten familiarrek, eta azpimarratu zuten haiek izan zirela laguntza bila joan zirenak, eta ez alderantziz.

Are gehiago, erakundeen erantzuna salatu zuten Maleken gorpua erreklamatu zutenean: "Adin txikiko atzerritar ez lagundua zela eta familiarik ez duela esatera iritsi ziren". Halaber, jakinarazi zuen agintariek ez zutela Maleken pasaportea jaso. "Nola liteke erakundeek pertsona bat izatea haien zaintzan eta dokumentazioa galtzea?", galdetu zuten.

Familiarren arabera, kalez jantzitako poliziak beilatokian izan ziren, Maleken hezitzaile ohiak zirela itxura eginez: "Beilatokian zentro askotatik igarotako pertsona asko zegoen eta inork ez zituen ezagutzen hezitzaile horiek".