argia.eus
INPRIMATU
Zaballako espetxean hildako azken gaztearen familiak bide juridiko guztiak agortzeko asmoa azaldu du
ARGIA @argia 2019ko apirilaren 09a
(Argazkia: Hala Bedi)

Astelehenean egin zuten prentsaurrekoa Jonathan Costillas Rituertoren familiak eta Salhaketa presoen aldeko elkarteko kideek. Elkarteko ordezkari gisa, César Manzanos eta Maialen Martínez de Marigortak helarazi zuten zendutako gaztearen familiaren mezua, eta azken astean bizitakoak azaldu.

Familiak jakinarazi duenez, iragan astelehenean espetxetik dei bat jaso zuten, gaztearen heriotzaren berri emanez. Adierazi zitzaienaren arabera, gazteak bere buruaz beste egin zuen. Familiak azaldu du hori izan dela espetxearekin izan duten hartu-eman bakarra, eta zuzendariak ez diela doluminik helarazi ezta laguntzarik eskaini. Are gehiago, epaitegietan gorpua ikustea eskatu zutenean jasotako “tratu tamalgarria” ere azpimarratu dute. Bost egun igarota lortu zuten gaztearen gorpua ikustea, eta gaur gaurkoz ez dute lortu Costillasek espetxean zituen ondasunak eta gutunak eskuratzea.

Senideei “arrotzak” egin zaizkie Costillasen heriotzaren nondik norakoak, eta gazteak bere buruaz egiteko aukeren “aurretiazko alertarik” egon ez izana arrarotzat jo dute. Ohartarazi dutenez, espetxeetan halakoak gertatzea ekiditeko protokoloak baitaude. Hala bada, gertatutakoa ekiditeko moduak egon bazirela eman dute jakitera.

Costillasek hamar hilabete zeramatzan Espainiako Estatuaren ardurapean espetxeraturik. Hala bada, administrazioaren zaintzapean egonik zendu denez, hari eskatuko dizkiote gaztearen segurtasuna ez bermatzeagatik erantzukizunak. Helburu horrekin, bide juridiko guztiak agortzeko prest daudela jakinarazi dute.

Elkarretaratzea

Gertakaria salatzeko, asteartean elkarretaratzea deitu Salhaketak, 12:00etan Espainiako Gobernuaren Gasteizko ordezkaritzaordearen aurrean.

Elkarteak gogorarazi du urtea hasi zenetik hiru pertsona hil direla Zaballako espetxean, eta Manzanosek adierazitakoaren arabera, beste asko espetxetik atera eta gutxira hiltzen dira: “Barruan hil ez daitezen ateratzen dituzte, estatistikak handi ez ditzaten”. Zentzu horretan, agerraldiaren helburuetako bat Jonathan Costillas Rituertori aurpegia jartzea zen, kartzelan hildako pertsonen zerrendan zenbaki bat gehiago bilakatzea ekidin asmoz.