Espetxeen aurrean egingo dituzten mobilizazioekin, euskal presoen egoerarentzat "konponbide integrala" ekarriko duen agenda aldarrikatu nahi dute Kalera Kalera dinamika osatzen duten eragileek.
Bada garaia. Presoak kalera lelopean egingo dituzte Gabonetan Zaballa, Basauri eta Martutenera martxak. Iruñean, berriz, manifestazioa deitu dute. Kalera Kalera dinamika partekatzen duten Sortu, LAB eta Ernaik prentsaurrean aurkeztu dute ostegun goizean ekimena.
Orain arteko espetxe-politikaren inguruan egindako lana "baliagarria" izan dela azaldu dute, baina "egoera berrira egokitzeko" beharra ere ikusten dute dinamikako parte hartzaileek: "Unea ondo interpretatu behar dugu. Horretarako, konponbidearen agenda adostu behar dugu euskal jendartearekin", adierazi dute.
Eskubideak aldarrikatzetik, konponbide integral bat ekarriko duen agendara "salto" egin behar dela uste dute. Agenda horrek, nolanahi ere, lehentasunak markatu eta "egoerarik urgenteenei irtenbidea bilatu" behar die.
Helburu horrekin egingo dituzte Gabonetako mobilizazioak. Abenduaren 22an Zaballara joango dira, Subillana herritik, eta Iruñean berriz, manifestazioa egingo dute. Abenduaren 30ean Martutenera joango dira Hernanitik eta Donostiako Egia auzotik abiatuta, eta 31n Basauriko espetxera egingo da martxa.