Ikastetxeetako patioak espazio hezitzaile eta pedagogikoak izan daitezkeela sinetsita, gero eta gehiago dira jolastokia eraldatu duten eskolak. Gasteizko Zabalganan, hezkuntza komunitate osoa inplikatu da irakasleen parkinga zena goitik behera aldatu eta patio inklusiboagoa, osasuntsuagoa eta berdeagoa lortzeko.
Haur eta Lehen Hezkuntza hartzen dituen ikastetxeak 2015ean ekin zion jolaslekua eraldatzeari, ikasle, irakasle eta gurasoek elkar harturik. Jolasa eta ariketa fisikoa sustatzen duen espazioa izan dute helburu, hezkidetza, haurren garapena eta naturaren garrantzia aintzat hartuz, besteak beste. Izan ere, patioak aisialdirako tokia baino gehiago dira, guraso elkartearen esanetan.
Zuhaixka eta enborrez gain, gurpilak, esperimentazio mahaiak, oreka-zirkuitua, elkartzeko mahaiak, rokodromoa, zoruko jolasak… aurki daitezke patio berrituan.
Auzora zabalik dagoen eskola
Auzoak ere aprobetxatu ahalko du jolastoki eraldatua, inguruari irekitzen zaion espazioa baita Zabalganako ikastetxea, auzoan antolatzen diren ekitaldietarako ateak zabalik izan ohi dituena. Ez alferrik, Zabalganaren filosofia da eskolak eta auzoak elkarri eragin behar diotela eta horregatik auzoko komunitate osora iritsi nahi du proiektuak.