argia.eus
INPRIMATU
Yvan Colonna preso politiko korsikarra hilzorian dago, beste preso batek emandako jipoiaren ondorioz
  • 2003an atxilotu zuten Yvan Colonna, eta biziarteko kartzela zigorra betetzen ari da Arlesko (Okzitaina) espetxean.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 02a
Yvan Colonna

Korsikar independentisten borrokaren sinboloa da Yvan Colonna preso politikoa. 1998an Ajaccion Claude Erignac prefet frantsesa hil izana egotzita biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten 2007an.

Colonnak bera errugabea esan izan du beti, eta Korsikako alderdi abertzaleen gehiengoaren babesa eduki du. Parisko krimen auzitegiak, ordea, frogatutzat eman zuen auzia. Azken urteetan bere familiarengana gerturatzeko hainbat eskaera egin dituzte, baina Frantziako estatuko kartzeletan mantendu dute.

Sulidarità preso politiko korsikarren defentsarako elkartearen arabera, asteazken goizean beste preso batek Arlesko espetxeko patioan emandako jipoiaren ondorioz larri geratu da Colonna, eta ospitalera eraman dute. Beranduago hainbat hedabidek zabaldu dute jipoiaren ondorioz hil dela, baina bere abokatuek "espetxe administrazioak emandako informazioen arabera" gezurtatu egin dute, oso larri legoke.

Colonnak jasandako jipoia eta Frantziako estatuan preso dauzkaten beste bi preso politiko korsikarren egoera dela-eta honakoa idatzi du Sulidarità elkarteak sare sozialetan: “Justizia frantsesari egiten diogun galdera bakarra honakoa da: haien heriotza al da egiazki zuen helburua?”.