argia.eus
INPRIMATU
Yemenen hamar minutuan behin ume bat hiltzen da, UNICEF-en arabera
  • Urtean 30.000 ume hiltzen dira desnutrizioak eta aurrehartzeko modukoak diren gaixotasunek eraginda. Bost urtez azpiko 1,8 milioi haurrek desnutrizio larria pairatzen dute Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak jakinarazi duenez eta Maan agentzian irakur daitekeenez.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 06a
Desnutrizio egoeran dagoen ume Yemendar bat laguntza jasotzen. Argazkia:@UNICEFUSA

Hamar minutuan behin ume bat hiltzen da Yemenen batez beste, desnutrizio eta gaixotasunen ondorioz. Geert Cappelaere UNICEF-en Ekialde Hurbil eta Afrika Iparraldeko zuzendariak al-Thawra ospitalera egin duen bisitaren ostean adierazi du. Bost urtetik beherako yemendarren erdiak “desnutrizio kronikoa” duela eta haurdun edo esnealdian dauden milioi bat emakume baino gehiago “anemikoak” direla.

Cappelaerek azpimarratu du, argitaraturiko kopuruek “guztiok” egoeraren larritasunaz ohartarazteko balio behar dutela eta Yemen umeak bizitzeko “infernu” bilakatu dela. Honi irtenbidea eman nahian, gatazkako alde ugariei eskainitako bake elkarrizketetara batu eta su-etena adosteko eskatu die, “behar-beharrezko” den bakerako bidea eraikitzeko.