argia.eus
INPRIMATU
Yemenen 68 hildako eragin ditu AEBen bonbardaketa batek
  • Petrolio-portu bateko sarraskia gertatu eta hamar egunera izan da erasoa. AEBek erasoak abiarazi zituztenetik 250 pertsona baino gehiago hil dira Yemenen. Oraingoan 68 pertsona hil eta 47 zauritu izan dira. Orain arteko bonbardaketa lazgarrienetakoa da.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko apirilaren 29a

Erasoa astelehen goizean izan da Yemengo ipar-mendebaldean kokatzen den Sada hirian –erasoek gehien kolpatu duten lurraldean–. Bertan dagoen etorkinak atxilotzeko zentro baten aurka egin dute eraso AEBek. Duela hamar eguneko sarraskiaren ondoren –80 hildako eta 150 zauritu eragin zituenak–, astelehenean erasoari berrekin diote AEBek, eta 68 hildako eta 50 zauritu inguru eragin dituzte oraingoan. Barne Ministerio hutiak adierazi duenez, instalazioa Gurutze Gorriak eta NBEren agentzia batek gainbegiratzen zuten, eta 115 migratzaile afrikar zituela jakinarazi du.

Trumpek martxoaren 15ean erasoak abiatzea agindu bazuen ere, Etxe Zuriak izandako jarrera erasokorraren jarraipena da astelehenekoa. Presidente berriak Joe Bidenen agintaldian baino zortzi aldiz handiagoko hilkortasun tasa eragin du Yemenen: 500 da jada hildako eta zaurituen kopurua. AEBek jakinarazi du 800 objektibo militar baino gehiago eraso dituela, hala ere, azken sarraskien aurrean ez du adierazpenik egin oraindik.

Yemen krisi humanitario baten lekuko da gaur egun, milaka pertsonek –batez ere Etiopiakoak– zeharkatzen dute Saudi Arabiara eta Omanera heltzeko helburuarekin. Hala ere, kasu askotan ez dute aurreikusitakoa betetzen eta Yemenen geratzen dira harrapaturik. Horietako asko, asteleheneko atxiloketa zentroetara eramaten dituzte. Atxiloketa zentroen kontrako erasoak ez dira berriak, Saudi Arabiak 2022an beste atxiloketa zentro bat eraso zuen, eta NBE arabera, horrelako zentro batean 1.300 pertsona inguru egon daitezke.