Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.
Yala Nafarroak sanferminei hasiera emango die, asteartean Iruñeko Udalak iragarri duenez. Yala Nafarroa Palestinaren alde, genozidio eta okupazioaren aurkako eta Palestinarekiko elkartasun aktiborako plataforma da. Nafarroa osoko eta esparru guztietako 220 kolektibo baino gehiago (internazionalista, soziala, kulturala, politikoa, sindikala, plataforma sektorialak…) eta 1630 pertsona baino gehiagok osatzen dute. Iruñeko Udalak ondorengoa azpimarratu du, aurkezpeneko prentsaurrekoan: "Arlo sozialari dagokionez, plataformak Iruñean giza eskubideen, nazioarteko legezkotasunaren eta palestinar herriarekiko elkartasunaren inguruko kontzientzia kritikoa sustatu du hitzaldi eta jardueren bidez eta bertako kultura eta kirola bultzatu dituzte hirian ekintza ugari antolatuz".
Joseba Asiron Iruñeko alkateak plataforma zoriondu du: "Gure zorionik beroenak Yala Nafarroa plataforma osatzen duten pertsona guztientzat, Palestinako herriak bere historiako unerik zailenetako bat bizi du, gure kontzientziak zauritzen dituen eta gizarte gisa interpelatzen gaituen egiturazko indarkeria baten biktima da".
Hautagaiak honako hauek ziren: AFAN (Alzheimer gaixoen familien elkartea), Iruñeko Gaiteroak, Alberto Gurrea Saenz jota kantaria, Juan José Martinena Ruiz historialaria eta Yala Nafarroa. Hautagaien artean txupinazioa jaurtiko duena aukeratzeko bozketak "errekor guztiak apurtu" dituela esan du prentsaurrekoan Asironek. 17.543 iruindar baino gehiagok hartu dute parte. Parte-hartze altuena zeukan bozketak 2018an izan zen, eta 12.213 boto jaso zituen. Aurtengoak hiru egun falta zirelarik gainditu zuen zifra hori.
Uztailaren 6an emango diete hasiera sanferminei.