argia.eus
INPRIMATU
Yahoo atariak onartu du 500 milioi erabiltzaileren datuak lapurtu zizkiotela 2014an
  • Gutxienez 500 milioi erabiltzaileren kontuetako datu pribatuak ebatsi zizkioten Yahoori 2014an, eraso informatiko baten bidez, konpainiak berak aitortu duenez. Kaliforniako atari erraldoiaren esanetan, datu horien artean telefonoak, posta elektroniko helbideak, jaiotza-datak eta pasahitzak daude, baina ez bankuko kontuen edota ordainketa-txartelen zenbakiak.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 23a

Yahooren ustez, bere segurtasun sistema urratu zuen hackerra edo hacker taldea estatu baten babesarekin aritu zen. Udan, enpresak jakinarazi zuen Peace izeneko hacker bat, ustez, bere sisteman sartua zela eta kasua ikertzen ari zirela. Peace delakoak iragarri zuen Yahooren 200 milioi erabiltzaileren datuak eskuratu zituela 2012az geroztik. Azkenean, askoz gehiago izan dira.

Recode webgunearen arabera, Peace-k Dark Web sarean saltzen ditu ostutako datuak.  

Telekomunikazioen alorreko Verizon konpainia erraldoia 4.800 dolarren truke (4.280 milioi euro) Yahoo erosteko akordioa eginda du uztailetik, baina salmenta erregulatzaileen baimenaren zain dago. Datuen lapurretak operazioan eragin dezake, batik bat filtrazioaren biktima izan diren erabiltzaileei kalte-ordaina emango bazaie.