Eskarmentu ikaragarria –hitzaren adiera etimologikoan, besteak beste– dugu europarrok arma-lehiaketetan. Eta, paradigmatzat hartu ohi denetik, XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hastapeneko hartatik, mende eta laurden igaro denean arma-lehiaketa kartsuenera itzuli garela onartu beharko dugunez, kontuak ateratzen aritu behar genuke dagoeneko.
Lehen irakaspena, eta nagusia, izan daiteke, metatuaren metatuz, azkenean, erabili egiten direla arma metatuak. Hala gertatu zen lehia-aldi klasiko hartako dreadnought, itsaspeko, arima marratuko kanoi, metrailadore, gas eta abarrekin: erabili egin zirela, eta nola, Gerra Handian. Aurretiaz, burutazioak baino askoz gehiago ez ziren tanke eta hegazkinekin, edo ahaztuxe zeuden morteroekin, batera. Lubaki-gerrak hala eskatuta.
Eraberritze haien –eta halakoen hibridoak ziren hegazkin-ontzien– garapen aldia izango zen gerra arteko mende laurdena. II. Mundu Gerraren amaiera arte ez zen iritsiko benetako berrikuntza: arma atomikoa. Etorkizunean, “gerra handiak” behin betiko ezinduko omen zituena, arma haren jabe zenaren esanera.
Ez da halakorik gertatu: laster zuen jabe bat baino gehiago arma nuklearrak; eta, hain zuzen, haren metaketa-lehiak ezaugarrituko zuen 40 urteko Gerra Hotza. Potentzia nuklearren arteko gerra zuzenik izan ez bazen ere, historian parekorik gabeak izango ziren, kantitatez nahiz kaltez, zeharbidezko proxy war-ak. Arma konbentzionalak, metatu baino gehiago, asmatu eta landu ahala kiskali diren aroa izan dela esan dezakegu XX. mendearen bigarren erdia.
Baina, mende berriarekin, aldi berri –eta gaiztoago– batean murgildu garela esan liteke. Alde batetik, arma nuklearrak erabiltzeko erreparoa gero eta ahulagoa da, nabariki. Bestetik, Mendebaldeko potentzia nagusiek, batek daki zeren “defentsa” dela eta, arma konbentzionalen ekoizpena eta zabalkuntza areagotzeari ekin diote, ispilu-efektuz balizko arerioetara hedatuko den lehia batean.
Bada, ordea, europarrok geure eskarmentu historikotik ondorioztatu behar genukeen hausnarketa bat, etxerako. Horrelako arma-lehiaketek, akabuan izan dezaketen eztanda handiaren aurretik, ia ezinbestez, probalekuak eta test-aldiak behar izaten dituzte. Benetako probaketak egiteko, laborategi, simulagailu eta tiro-zelaietako saiotxoak baino gordinagoan. Benetako gerrak behar dituzte, probatzeko.
Iraganean, halako proba-gerrak geure “periferian” egin izan dira. Halakotzat har ditzakegu Gerra Hotzeko proxy war gehienak (Korea, Vietnam, Afganistan, Irak, Afrika eta Ekialde Ertainekoak, eta beste hamaika); baita gerra arteko haiek ere: Mantxuria, Abisinia, Espainia... Eta, lehenago, kolonietakoak. Potentziek elkarri zuzenean eraso gabe, probalekutzat (ere) erabili zituztenak. Zuzen-zuzenean hartarako sutuak ez zirenean.
Munduaren ardatz geopolitikoa nabariki Itsaso Barera joanda dagoenean, mundu mailan genuen zentraltasuna galdu izanak alor horretan zer erakartzen duen ez ohartzea bai dela ikaragarria. Ukrainakoaren lehen irakaspena izan behar luke.