argia.eus
INPRIMATU
XVI. Igartza Saria irabazi du Mikel Ayllonen eleberri proiektuak
  • Mikel Ayllon laudiotarrak irabazi du XVI. Igartza Saria, Ez tiro egin anbulantziei izeneko eleberri proiektuarekin. Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria epaimahikideek arabarraren lana hautatu dute beka-deialdira aurkeztu diren 25 lanen artean.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 13a
\"Gure mendebalde honen zutoinak geroz eta urratuago daude arlo guztietan, eta hori da liburuaren hausnarketagaia\".

Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen duten beka irabazteagatik 6.000 euroko laguntza jasoko du Ayllonek, eta bere eleberria  2015 urte hasieran kaleratuko da.

Hala Bedi irratian eta Garan kazetari lanetan aritutakoa da Ayllon, eta Paul Asensiorekin batera Euskal Herriko gazte mugimenduaren inguruko saiakera bat ere argitaratu du.

“Nire pertsonaiak iraganaren zamatik libratu nahi izan ditut”

Elkar argitaletxeak elkarrizketatu du laudiotarra, eleberriaren zutabeak argituz. Ayllonen hitzetan, Ez tiro egin anbulantziei lanak lotura estua du bizi dugun garaiarekin. “Amaitzen ari den garai baten inguruan eta irekiko diren bidezidor berrien inguruan hausnarketa egin nahi du liburuak”. Horretarako hiru gai hartu ditu oinarri: “Askatasuna, heriotza eta maitasuna”.

Egiturari dagokionez, eleberriaren bereizgarri nagusia da atzekoz aurrera kontatuta dagoela . Denbora ulertzeko modu lineal klasikoa urratzen ari den errealitatearen parte dela uste du idazleak. Kontaketa modu horrekin gainera, pertsonaiak “iraganaren zamatik” libratu nahi izan ditu.

Liburu konplexua izango dela aitortu du Ayllonek, baina irakurleari ahalegin txiki bat eskatu nahi lioke: “Irakur dezala patxadaz eta sartu dadila beldur barik marraztu dizkiodan bideetan”.