Ipar Euskal Herriko hainbat eskualdetako hogei gazte bildu ditu Xuti Gazte! dinamikaren aurkezpenak, Uztaritzen. "Gazte ezkertiar, abertzale eta feministek" osatzen dute, "mugimendu abertzalearen lekukoa hartzea" helburu: "Gazte borrokari bultzada bat emateko garaia dela uste dugu. Hots, inoiz baino gazte ezkertiar eta abertzale gehiago herriaren alde lanean jartzeko momentua".
"Euskal Herriaren nazio-askapenaren eta askapen sozialaren aldeko borrokan aitzinatzeko baldintzetan bilakaera positiboak izan dira", azaldu dute Xuti Gazte! ekimenko kideek. Nabarmandu dutenez, azken urteetan Ipar Euskal Herrian herri mobilizazio handiak egin dira presoen gaian, euskararen alde, edota etxebizitza, lurra eta laborantzaren arloan. "Guk, gazte gisa, mugimendu horietan guztietan ekarpena egin nahi dugu".
Gazteek problematika berezituak dituztela gaineratu dute: etxebizitza, prekaritatea, ikasketak kanpoan egin beharra, euskaraz bizitzeko ezintasuna, bortizkeria matxista... "Problematika hauek guztiak lantzeko beharra ikusten dugu, eta horretarako gure boza entzunarazi nahi dugu".
Diotenez, askotan "gazteen indibidualizazioaz" hitz egiten bada ere, "talde izaera" sustatu nahi dute eurek, "proiektu kolektiboetan murgilduz". Halaber, Ipar Euskal Herri osoan antolatzeko asmoa agertu dute. "Eskualdeen arabera errealitate ezberdinak ditugun heinean, tokian tokiko erantzunak behar ditugu; ondotik Ipar Euskal Herri mailan saretu eta harremanak sendotzeko".