argia.eus
INPRIMATU
“Bertsoaren harrotasuna” ekarri nahi du plazara 2012ko Xilabak
  • Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hamasei bertsolarik hartuko dute parte 2012ko Xilaba bertsolari txapelketan. Aurten lehenengo aldiz Baionan izango da finala azaroaren 10ean. Atzo Senperen aurkeztu zuten Xapelketa, xapel meta leloarekin.

2012ko irailaren 20a

Atzoko aurkezpen ekitaldian antolatzaieek azpimarratu zuten txapelketak Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bertso eskoletako garapenean eragiten duela. 2010ean 61 haur aritu ziren bertso eskoletan eta iaz, berriz, 140ra iritsi ziren. Joana Itzaina Iparraldeko bertsolarien elkarteko lehendakariak aurkezpen ekitaldian azpimarratu du "bertsoaren harrotasuna" ekarri nahi dutela. "Euskara erabili eta euskararekin jostatzea da, bereziki gazteen artean".

Bi urtez behin izaten da txapelketa eta finala orain arte bezala Donibane Lohizunen egin ordez, Baionako Lauganen egingo dute. Lehen kanporaketa Altzürükün egingo da urriaren 6an eta bigarrena Kanbon urriaren 13an. Ondoren Hendaian eta Donibane Garazin izango dira finalerdiak urriaren 20an eta urriaren 27an.