Ibarrolako (Nafarroa Beherea) Oihanartia etxaldean egingo dute Baserriko Uztaren udazkeneko ekimena, urriaren 8an. Xendarineko Ahizpak bikoteak kontzertua emango du etxaldearen bisitaren ostean.
Baserriko Uztaren helburua herritarrek etxaldeak bertatik bertara ezagutzea da, baserritarren lanak eta produktuak nola lantzen diren ezagutuz. 2020an ekimena bertan behera utzi behar izan zuten pandemiagatik, eta aurten berriro heldu diote proiektuari. Udaberrian Anizeko (Baztan) Jauregia etxaldean egin zuten, Pettik giroturik. Ibarrolako (Nafarroa Beherea) Oihanartia etxaldeak Jauregia etxaldearen txanda hartuko du urriaren 8an, Udazkeneko Baserriko Uzta ekimenaren ospakizunean.
Baserria, laborantza ekologikoa eta euskal musika uztartzen ditu ekimenak. Josebe Blanco antolatzaileak dioenez, “Hurbiletik, formatuak elkar ezagutzeko eta solaserako tartea ematea espero dugu”. Baserriko Uzta, EHKOkolektiboaren eta Paperezko Kontzertuen elkarlanetik sortu zen 2017ko udazkenean, "euskal kultura bultzatzeko, elkartzeko eta komunitatea indartzeko gogoak" eraginda.
Urriaren 8an Oihanartiako Jean-Mariek eta Mirentxuk beraien etxaldeko ateak parez-pare irekiko dituzte. Oihanartian betidanik haragirako behiak eta ardiak izan dituzte, baina 2008an produkzio ekologikora pasatzeko erabakia hartu zuten eta txerriak hazten ere hasi ziren. Orain behikiak, txerrikiak (kontserban ere) eta ardi esne eta gasna, dena ekologikoan, saltzen dituzte etxaldean bertan duten saltokian, Hego Euskal Herrialdeko azoka ekologiko batzuetan eta Sarako azokan.
Ekitaldia goizeko 10:30etan abiatuko da ongi etorria eta etxaldearen bisitarekin: ukuilu, gasnategi eta txerritegia. Xendarineko Ahizpak, bikote urepeldarrak, kantu tradizionalez girotuko dute hitzordua 12:30etatik aurrera. Gero bazkaria egingo da EHKOlektiboko kideen baserrietako elikagaiekin osatuta.
Urriak 8ko programa:
Eman izena EHKOlektiboaren webgunean.