argia.eus
INPRIMATU
Xaloa telebista Iruñerrian ikusi ahal izateko diru-bilketa hasi dute
  • Iruñerrian euskarazko tokiko telebista martxan jartzeko diru-bilketa hasi du Xaloak Karena crowdfunding plataformaren bidez, emisioak abenduan hasteko helburuarekin. 50.000 euro lortzea du xede.

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 13a
50.000 euro lortzea dute helburu Xaloa telebistako kideek.

Xaloa 1997an hasi zen emititzen Baztan-Bertizarana-Malerrekan. "Sorreratik bertatik, helburu nagusi batek bultzatu du gure jarduna: euskarazko telebista zerbitzu hurbila emateko helburua eta gogoa", diote telebistako kideek.

"Nafarroako Gobernuak 2013an LTD kanalen esleipena egin zuenean, gure proiektua garatu eta euskararen normalizazioan laguntzeko jauzi kualitatiboa egiteko aukera ikusi genuen. Horregatik, lehiaketara aurkeztu eta eskuratu ere, eskuratu egin genuen Iruñerrian emititzeko lizentzia".

Lizentzia lortu izana "albiste pozgarria" izan dela diote, "baina baita kezka iturri handia ere", telebista medio garestia baita,  martxan jartzeko inbertsio handi samarrak eskatzen dituena: seinale digitala igortzeko multiplex delakoa, errepikagailuak, azpiegitura tekniko horren guztiaren mantenua eta abar.

Abiatu duten kanpainak bi helburu ditu: hori guztia finantzatzea, eta proiektuaren berri ematea.