argia.eus
INPRIMATU
Xabin Usandizaga, aske 23 urteren ostean
  • Oñatiko euskal preso politikoa ostiral arratsaldean irten zen espetxetik. Etxeratek salatu du irteera eguna apirilaren 2an zuela ezarrita, eta 33 egunez mantendu dutela preso ordutik.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 08a
Xabin Usandizaga, Kordobako espetxearen kanpoaldean askatasuna berreskuratu berritan, bere hurbilekoekin. Argazkia: Etxerat.

Usandizaga 1997ko uztailaren 3an atxilotu zuten, José Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa askatzeko polizia operazioaren ondorioz. Bahiketagatik kondenatu zuten, eta preso eman dituen 23 urteak erregimen itxian eta lehen graduan sailkatuta pasa ditu.

Kondenaren hiru laurdenak 2015. urtean bete zituen oñatiarrak, baina preso jarraitu du beste bost urtez. Azken garaian Auzitegi Nazionalak erredentzio batzuk onartu zizkion, eta horren ondorioz abuztuan ezarrita zuen irteera data apirilaren 2ra aurreratu zioten. Ordea, ez dute ekainaren 5era arte aske utzi. Etxeratek 33 eguneko azken “erretentzioa” salatu du: “Erretentzioa COVID-19a dela eta jarduerak bertan behera utzi izanagatik eman da, pandemiaren ondorioz Espetxe Zuzendaritzak hartutako neurrien ondorioetako bat da”.