argia.eus
INPRIMATU
Xabier Goienetxea presoaren bikotekideak auto istripua izan du bisitatik bueltan
  • Larunbat arratsaldean izan zuen istripua senideak, errepidera irten zitzaioan orkatza jo ostean, baina onik da. Lannemezan espetxean dago preso Goienetxea, Frantziako Estatuan, Errenteria sorterritik 220 kilometrora.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 21
Autoak kalteak jasan zituen. Argazkia: Etxerat

Etxerat elkarteak eman du istripuaren berri: “Orkatz handi bat gurutzatu zen bat-batean kotxearen aurrean eta, talkaren ondorioz, aurreko txapa kaltetua gelditu zen eta motorrari ere eragin zion. Zorionez, presoaren senideak ez zuen kalte fisikorik izan eta taxi batean jarraitu zuen bidea”.

26 preso Euskal Herritik kanpo

Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen senide eta lagunen elkarteak salatu du oraindik ere 26 preso Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudela, hamabi Frantzian eta hamalau Espainian. Frantziako Estatuan daudenei dagokionez, preso bat Parisen dago eta gainontzeko hamaikak Lannemezanen. “Zigorra betetzeko espetxerik ez dago Ipar Euskal Herrian eta euskal presoek onartu zuten Lannemezanen betetzea”, azaldu du Etxeratek oharrean.

Bidaia bakoitza “arrisku” bat dela salatu du elkarteak, gogoratu du larunbatekoa urteko bigarren auto istripua dela, eta iaz beste lau gertatu zirela. “400 bat ezbehar izan dira urrunketa politika indarrean denetik. Kaltetutako senide eta lagunak 1.000 inguru izan dira eta, tamalez, hamasei senide eta lagunen bizitzak bidean geratu dira”. Preso, iheslari eta deportatu guztien euskal herriratzeari “oztoporik ez jartzeko” eskatu du beste behin Etxeratek.