Haritzalde eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa elkarte ekologistek salaketa aurkeztu dute Gipuzkoako Fiskaltzan. "Prebarikazioa" eta "Ondasun publikoen usurpazioa" leporatzen dizkiete txaleta eraiki zuen Tavaro XXI enpresari eta Donostiako Udalari, etxearen sarrerarako bidearen erabilera dela eta.
Talde ekologistek ohar bidez azaldu dutenez, besteak beste Realeko futbol jokalari izan zen eta egun Real Madrid taldearen entrenatzaile den Alonsoren txaleta eraiki den lurzatiak ez du sarbiderik, "eta, hala eta guztiz ere, lizentzia eman zitzaion". Salatu dutenez, "bidegabekeria" hori konpontzeko udalak "baimen berezia" luzatu zion Tavaro XXI enpresari, "Txalingo ur-biltegira doan zerbitzu publikoko bidea erabiltzeko". Baina "legez kanpoko" erabakia litzateke, legez "zerbitzu publikoarekin lotutako erabiltzaileei bakarrik" ematen zaizkielako aipatu baimen bereziak. Horrez gain, salatu dute ere baimen berezia martxoaren 21ean iraungi zela eta luzaezina dela, "Ondareari buruzko Legearen 92. artikuluak hala baitio".
Ekologistek azaldu dute martxoan udalari ohartarazi ziotela Tavaro XXI enpresari emandako baimena laster amaituko zela, "hori 'ahaztu' nahi zutela pentsatuta". Bidearen jabetza "berreskuratzeko betebeharra" duela eta "Tavora XXI SLk ezin zuela hura erabiltzen jarraitu" adierazi zioten udalari. "Aurreikus zitekeen bezala, udalak ez du ezer egin horri buruz, eta Tavorak bere txaleterako sarbide gisa erabiltzen jarraitzen du [bidea], legez kanpo".
Hori guztia aintzat hartuta, "txaletaren ilegaltasuna estaltzeko" helburuarekin udala "borondatezko pasibotasunez" jokatu duela iritzi diote Haritzaldek eta Ekologistak Martxanek, eta fiskaltzara jotzea erabaki dute.
"Gertatutako bi delitu posible" salatu dituzte ekologistek Gipuzkoako Fiskaltzan. Batetik, prebarikazioa, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak burutua, bidea erabiltzeko baimena emateagatik "bidearen jabetza osoa berreskuratzeko arduraduna" izanik. Bestetik, ondasun publikoen usurpazioa "Zigor Kodearen 245.2 artikuluaren arabera", Tavaro XXI enpresak burutua, bidea erabiltzeagatik "horretarako titulurik ez izan arren".
Prebarikazio berri baten arriskua
"Egoera irregular hori denbora askoz luzeagoan mantendu ezin denez", udala eta Tavaro XXI "negoziatzen" ari direla ziurtatu dute eragile ekologistek. "Ur-biltegira sartzeko bidea zerbitzu publikoko bide gisa deskalifikatzea eta bide publiko bihurtzea negoziatzen ari dira, herritarrak erabili dezaten, Tavaro XXI enpresa barne".
Hori egitea berriz ere prebarikatzea litzatekeela salatu dute, "justifikazioa ez baita zerbitzu publikoa hobetzea, helburua da legez kontrako egintza estaltzea, lursail pribatu bati txaleta eraikitzeko lizentzia emateko".